Bi jarduera hauek Baztan Bidasoa 2023- 2025 Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren barrenean daude, eta Europar Batasunak finantzatu ditu NextGeneration EU funtsen bidez. Azken asteetan lanak egiten aritu dira, eta dagoeneko herritarrek erabiltzen hasiak dira.
Bizikleta bidearen helburua mugikortasun iraunkorra sustatzea eta Berako hirigunearen eta Bidasoko Bide Berdearen (Eurovelo) arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako lotura hobetzea izan da. Bidasoa ibaiaren ondoan dauden bidexkak aprobetxatu dituzte oinezkoek eta bizikletan ibiltzen direnek erabiltzen ahal duten bidea sortzeko. Obra guztiak Beran egin dira, zehazki, San Migel zubiaren (Bidasoa ibaiaren gainean) eta Zia errekaren gaineko azken zubiaren artean dagoen eremuan.
Lanek 134.589,98 euroko aurrekontua izan dute eta horiek ordaintzeko 133.206,46 euroko diru laguntza hartu du udalak.
Parke berria
Parke berri bat ere eraiki dute Bidasoa ibaiaren eta Zia errekaren bazterrean, Zubizabalen. Parkearen helburua orain arte aprobetxatzen ez zen eremu publiko bat birsortzea izan da, ingurune osasungarri bat eta «babesleku klimatiko» bat sortzeko, han dagoen itzala eta landaredia aprobetxatuz.
Parkea hainbat ekipamendurekin hornitu dute. Alde batetik, haurrentzako egurrezko jolas parkea paratu dute: 180 m2-ko eremua da eta Berako eta Etxalarko akazia egurrez egin dute eta oreka zirkuitua, zabuak, eta eskalada gunea ditu bertzeak bertze. Ariketa fisikoa egiteko gune bat ere badago bertan: barrak, abdominalen bankuak eta metalezko eta egurrezko hainbat gune ditu. Adineko pertsonentzako ariketak egiteko tresneria ere paratu dute, gerria, hankak, bularraldea eta funtzio kardiobaskularrak lantzeko. Bizikletentzako autozerbitzua ere paratu dute eta baita mahaiak, bankuak eta paperontziak ere.
Parkea eta ingurua egiteko lanek 66.550,00 euroko aurrekontua izan dute eta 61.096,00 euroko diru laguntza hartu du udalak.