Bizikletaren inguruko egun berezia izanen dute Etxalarren maiatzaren 9an

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 7a

Etxalarko mendi bizikleta ibilaldiaren bosgarren edizioa eginen dute larunbat goizean.

Maiatzaren 9an, larunbat goizean, V. Etxalar BTT ibilaldia eginen dute. Ibilbidean aitzineko urteekin konparatuta, aldaketa batzuk egin eta bidexka eta zirkuitu berriak sortu dira, edozein txirrindularik egiteko modukoa izan dadin. Kolore gorriz (bide teknikoagoak) eta berdez (bide errazagoak) seinaleztatu dira eta norberak aukeratuko du nondik ibili. 100 parte hartzaile baino gehiagok eman dute izena eta 09:00etan hasiko da proba Etxalarko plazatik. Plaza inguruan giro ezin hobea ziurtatua izanen da; dutxa zerbitzua, sorpresak, sariak, zozketak, bizikletak garbitzeko aukera eta jakirik ez da faltako.

Bidasoko Itzuliko bigarren etapako helmuga Lizarietan

Arratsaldean, berriz, Bidasoko Itzuliko bigarren etapa eginen da. Arantzatik abiatuko da 12:00 inguruan eta 16:00 aldean iritsiko dira txirrindulariak Lizarietara. 2002az geroztik ez zen Etxalarren Bidasoko Itzuliari bukaerarik eman eta aurten, gainera, herritar bat, Arri Atondo Elgorriaga, ibiliko da etapa irabazteko lehian. 1 zenbakia duen dortsala eramanen duen Atondorekin batera, Sunbillako lau txirrindulari (Aitor Igoa Arretxea, 21. dortsalarekin; Oihan Apeztegia Martinez (162. dortsalarekin; Unax Larraburu Hernandorena, 163. dortsalarekin eta Eneit Bertiz Apezetxea, 201. dortsalarekin) eta Donamariako bat (Mikel Lizasoain Etxebertz, 152. dortsalarekin) aterako dira Bidasoko Itzulian.

Ekitaldi hauek direla eta, herri inguruan bideak libre uztea (kotxerik ez aparkatzea), Lizarieta inguruan izanen diren bide mozketak kontuan hartzea eta antolatzaileak errespetatzea eskatuko da, denon segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun