Larun Haizpe elkarteko zuzendaritza berria «gogotsu» hasi da lanean

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 7a

Elkarteko juntakide berriak.

Larun Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen elkarteak bide berria hasi du ordezkari berriekin. Jende berria sartu da zuzendaritzan, eta «indarberrituta» eta «gogoz» ari dira. Azaldu dutenez, «erronka, ekintza eta ideia berritzaileak» dituzte eta bazkide denen «kezkak eta beharrak» ase nahi dituzte.

Orain arte komertzioek zuten protagonismo gehien elkartean, eta hemendik aitzinera ostalaritza eta zerbitzuak ere bistaratu nahi dituzte. Nabarmendu dute Beran denetariko eskaintza dagoela. «Gisa guztietako komertzio saila dugu: elikagai dendak, burdindegiak, arropa eta oinetako dendak, paper dendak, kirol dendak, loradendak, bizikleta dendak, farmaziak, optika eta hozkailu edo sukalde bat osorik erosteko dendak ere». Ostalaritzan ere eskaintza ezin hobea dagoela diote, eta «erreferenteak» direla inguruko herrietatik etortzen diren bezeroentzat.

Zerbitzu aukera zabala ere badagoela nabarmendu dute: ile apaindegiak, estetika zerbitzuak, bidaia agentziak, auto eskolak, bitxi dendak, estankoak, jostunak, iturginak, elektrikariak, zurginak, buru osasuneko eta psikologia zerbitzuak, erreflexoterapia, fisioterapia eta haurrei zuzendutako zerbitzu espezializatuak.

«Zorte handia dugu herrian bertan eskaintzen diren aukera horiek guztiak edukitzeagatik, eta kontzientziazio lan bat egin behar dugu jende gazteak herrian erosteko eta kontsumitzeko joera sustatzeko. Herria bizirik eta aktibo mantentzea da erronka nagusietako bat».

Hogei urte beteko ditu aurten elkarteak, eta hori behar bezala ospatzeko egun berezi bat prestatzen ere ari dira. Aitzinerago jakinaraziko dute data.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun