[ARGAZKIAK] Baztan, Labiaga eta Tantirumairu ikastoletako ikasgelak plazara atera dira

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 7a

Nafarroa osoko ikastolek Nafarroako Gobernu Hezkuntza Departamenduak hartutako «erabaki arbitrarioak bertan behera utzi dezan exijitzeko» elkarretaratzeak egin dituzte maiatzaren 6an. Ikasgelak kalera atera dituzte Nafarroako hamabortz herritan, tartean Baztanen, Beran eta Lesakan. Baztan, Labiaga eta Tantirumairu ikastoletako ikasle, irakasle, langile, guraso eta laguntzaileak Elizondoko Foruen Plazan, Berako Herriko Etxeko Plazan eta Lesakako Plaza Zaharrean elkartu ziren eta eskualdeko eta Nafarroa osoko ikastolen aldarrikapena irakurri zuten.

Ikasgelak kalera, Ikastolak herrira

Gaur kalera irten gara Nafarroako ikastolak. Kalera irten gara eta gure ikasgelak kalera atera ditugu gure seme-alaben etorkizunean eta Nafarroako hezkuntzan atzerapausorik onartzen ez dugula esateko. Ikastolak herritik sortuak eta herriarentzat lanean ari garelako sortu ginen lehen egunetik, egun bakoitzean eta egun guztietan, eta horretan jarraitzen dugula adierazteko irten gara kalera. Gure sare osoa, Ikastola bat duen herri bakoitza, kalean dago gaur. Sakanatik Baztanera, Beratik eta Bortzirietatik Hegoaldera eta Erriberara, Zangozatik Iruñerrira, Lizarratik Tafallara.

Gure sareari ez ezik, Nafarroa euskaraz josteari eta hezkuntzari murrizketak aplikatu nahi dizkiote. Eta gu haserre gaude. Haserre egoteko motiboak ditugu. Lehena, gure seme-alabentzat etorkizun onena nahi dugula da, eta, horregatik, Nafarroako haurrek ikastolan ikasteko eskubidea dutela aldarrikatzen dugu. Bigarrena, Nafarroa osoko hezkuntzak kezkatzen gaituela: aurrera egin beharrean, murrizketa hauekin atzera goazelako. Hirugarrena euskara da. Hezkuntza Departamentuak kontrakoa dioen arren, euskarari gelak murriztuko dizkiote. Hori oso larria da Nafarroan, hori oso larria da Nafarroa euskaraz josten duen Ikastolen sarearentzat. Laugarrena, erabakia arbitrarioki, elkarrizketarik gabe eta irizpideak bat-batean aldatuz hartu izana da. Horren froga da Hezkuntza Departamentua bere erabaki batzuk zuzentzen joan dela. Ikastolak beti gaude hitz egiteko prest. Baina elkarrizketa ukatzen badigute guri eta hezkuntza eragile guztiei, joko arauak partiduaren erdian aldatzen badituzte, ez gaude gauzak egiteko modu horrekin ados. Ez dugu onartzen begirune falta hori. Azkenik, auzolanean eraikitako komunitate oso bati bizkar emateak kezkatzen gaitu. Herrigintza lan oso bat da zigortzen dena. Berdintasuna eskatzen dugu, gure sarearentzat eta sare guztientzat. Hori da bidezkoa, hori da beharrezkoa, hori da aldarrikatzen duguna.

Beste behin, eta behar den guztietan, Hezkuntza Departamentuari bere erabaki arbitrarioa atzera bota dezala eskatzen diogu. Nafarroaren onerako, hezkuntzaren onerako, guztien onerako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun