Martxel Rodriguezen erranetan «hunkigarria izan da Leaskan estreinatzea eta «inpaktu handiko lana» da
Aurkezpen bira horren baitan, hurrengo geltokia maiatzaren 8an, ortzirale honetan, izanen dute Iruñeko Gaiarren; igandean Berriozarren, laster Bilbon (maiatzaren 21ean Azkuna Zentroan) eta Gasteizen ere (ekainaren 11n, Felix Petite Antzokian) emanen dute… Ikusmina piztu du zuen proposamen berri honek eta da-udazken parterako, baita datorren urterako agenda ere betetzen ari dira: «Gure lanek interesa sortzen dutela ematen du azken aldian –dio Rodriguezek– 2016an hasi ginen Jon [Lopez] eta ni sorkuntza propioekin, bertze konpainiekin dantzari moduan lanean segitzen genuen bitartean. Ordutik hamar urte pasatu dira dagoeneko eta lan aunitzen ondorioa da egungo egoera. Heldu diren emanaldiak 2026an Granadan, Oliten, Kanariar Uharteetan, Iruñean, Madrilen, Tuteran, etab. izanen ditugu. 2027ko agenda ere betetzen ari da pixkanaka».
Dudarik ez da ikusleentzako ikuskizun berezia dela eta dantzaz gain, zinema eta antzerkia ere uztartzen dute, gibeleko pantailako ahotsa… Lesakarraren erranetan, «dantza ikuskizun bat da Ultimatum, baina dantza aldagai edo osagai bat da, pisu handikoa, baina ez bakarra. Off-eko ahotsak, eszenografiak, argiak, musikak, arropak… unibertso oso bat sortzeko baliatzen ditugu, lan honen kasuan, basoan gertatu den istripu bat irudikatzeko».
Naturaren gainbehera abiapuntu
Eszenatoki erdian tximistak jotako oreina hilzorian, eta horren inguruan, ikuskizun osoa. Naturaren gainbehera du abiapuntu lanak. «Guretzat hasierako egoerak inportanteak dira, bertatik hasten garelako lanaren dramaturgia josiko duten hariei tiraka. Basoaren erdian hilzorian dagoen oreinak, animalia totemikoa den heinean, inflexio puntu bat eraginen du pertsonaien bizitzan, euren ibilbideak betirako aldatuz. Urgentziaren eta paralisiaren artean desegiten ari den mundu baten gainbehera sinbolizatzen du lanak, eta sortzen ari diren errealitate berrietan babesguneak eraikitzeko beharraz ere hausnarketarako bidea zabaltzen ahal du», jakinarazi digu Martxel Rodriguezek.
Mundu zaharraren eta berriaren arteko inflexio puntu batean ote gauden ere aipatu izan du Martxel Rodriguezek elkarrizketaren batean. Horrekin zer erran nahi ote duen galdetzerakoan, hala dio dantzariak: «Bertze errealitate posible batzuk eraikitzeko elkarlanean ari garen heinean, tentazioa dago pentsatzeko egungo munduaren kolapsoa data konkretu batean ailegatuko dela, eta egun horren esperoan ergelduak gaudela ematen du batzuetan. Aldiz ikasia dugu mundu "berria" edo emantzipazioa prozesu bat dela eta diziplinarekin egunerokoan egiten dela. Horren alegoria moduko bat da lana».
«Lan borobila dela ailegatu zaigu, nolabait gorputzak zeharkatzen dituen horietakoa»
Baina Ultimatum lana ez ezik, bertze lanekin ere segitzen du Led Silhouette taldeak. Halley lanarekin Madeirara (Portugal) joanen dira eta bertze sorkuntzekin ere han eta hemen dabiltza. «2022ko Los Perros, 2024ko Halley eta 2025eko azaroan Iruñeko Ganbara Abesbatzarekin elkarlanean sortutako Noces lanek euren ibilbidea segitzen dute. Orain lau lan ari dira biran Euskal Herrian batzuetan, Espainian gehienetan eta Europan noizbehinka. Aurten Portugalen, Frantzian, Maltan eta Irlandan ibiliko gara eta igual, baita Grezian eta Belgikan ere, azken bi hauek konfirmatzeke».