Xareta eta Bortziriak batzen dituen Herri Haitada maiatzaren 23an Beran eginen dute

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 5a

Parte hartuko duten sei herrietako ordezkariek ekimena aurkeztu zuten atzo Beran.

Ainhoa, Bera, Etxalar, Sara, Urdazubi eta Zugarramurdiko herritarrek parte hartuko dute ekimenean, herrien arteko harremanak sendotzeko helburuarekin

Maiatzaren 23an Beran izanen da Herri Haitadaren laugarren edizioa. Ainhoa, Bera, Etxalar, Sara, Urdazubi eta Zugarramurdiko herritarrek aurkeztu zuten ekimena atzo arratsaldean. Azpimarratu zuten Herri Haitadaren helburua ez dela «besta edo lehia egun bat izatea, auzolan handi bat baizik, herria eraikitzeko eta inposatutako mugen gainetik harremanak sortzeko egun bat. Denok euskal herritarrak garelako, urte luzeetan gure herrien arteko harremanak naturalak izan direlako eta hartu-eman horiek euskararen bueltan izan direlako beti».

Hori dela eta, «lehiaketetan parte hartu edo ez hartu, herritar guztiak gonbidatzen ditugu maiatzaren 23an bertaratzera, harremanak indartzeko eta sortzeko, betiere euskararen bueltan eta, egindako aitzineko hiru edizioetan bezala, giro paregabean».

Azkenik, «denon ardura da egun horrek ordezkatzen duena errespetatzea eta zaintzea, euskara errespetatzea eta zaintzea. Ez dugu inolako erasorik onartuko eta parte hartuko dugun guztion ardura izanen da hori bermatzea. Besta gunean ere, saretuta egonen baikara, zaintza kolektibotik guztiok besta egun aske batez gozatu ahal izateko. Balio horien baitan elkar ikusiko garelakoan bertaratzeko deia egiten zaituztegu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun