LABen hitzetan, «berriz ere egiaztatu dugu borrokak eta antolakuntzak merezi duela». Eta ez hori bakarrik, «historikoa den aurreakordioa» lortu dutela erran du: «2020an LABen ekimenez, hitzarmen estatalak ezartzen zituen lan baldintza prekarioei aurre egiteko, Nafarroan zahar egoitzen lehen hitzarmena lortzeko lehenbiziko pausoak eman genituen». Sei urteotan «grebak, lanuzteak, ekimen desnormalizatzaileak, asanbladak eta mobilizazio ugari» egin dituztela adierazi du, baina kontent dira: «sindikatuak, antolatzeko gaitasunak, sendotasunak eta langileek izandako irmotasunak eta ausardiak aurreakordio hau ekarri dute».
Neurriak
Lortutako neurrien artean, batzuk aipatu ditu sindikatuak. Alde batetik, «sektoreko kategoria guzietan 1.500 euroko soldatak» erdietsi direla azpimarratu du: «Martxoaren 17an Hego Euskal Herria astindu zuen greba orokorraren aldarria lurreratu dugu hitzarmen sektorial honetan, eta Nafarroan posible dela frogatu dugu». Bertzetik, «123 orduko jardunaldi murrizketa» lortu dutela kontatu du LABek: «2027an 82 orduko jaitsiera izanen dugu». Horrekin batera, «norbere gauzetarako lau egun» lortu dituztela gehitu du, baita «bajen osagarrietan aurrerapauso nabarmenak» egin dituztela ere.
«Enpresetan dauden hobekuntzak eta lan baldintzak hobeak blindatzea ere lortu dugu», adierazi dute, «egoera hobeagoan dauden langileak galerarik ez izateko eta ez hori bakarrik, soldata hobeak dituzten langileei urtero soldata handituko zaie».
«Estatalizazioari aurre egiteko agertoki berria» ere aipatu du: «Hemen negoziatzeko eskubidea eta gaitasuna dugula argi utzi dugu, nazio eraikuntzan bertze pauso bat emanez».
Borroka «eredugarria» izan dela azpimarratu du LABek, eta «bide gogor bezain goxo honetan bidelagun eta kide izan ditugun horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu».