[GUTUNA] Zerbitzua erori da, ez dabil

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 2a

Jon Abril Olaetxeak iritzi artikulu hauxe bidali du TTIPI-TTAPAra. Kritiko mintzo da Osakidetzan hartu duen zerbitzuarekin.

Informatikarako ohikoa den mezu hau Osakidetzarekin gertatu zait niri. Eta ezin dut nire harridura eta haserrea gorde. 2025eko uztailaren 2an erorikoa izan nuen, eta bi belaunak arrunt hanpatuta, eta zutik ezin nintzela paratu, anbulantzian eraman ninduten Bidasoko Ospitalera. X izpien bidezko plakan hezurren haustura baztertu zuten, eta bertzelako frogarik egin gabe (eta eskatuta ere), etxera bidali ninduten. Ibuprofenoa eta atsedena.

Hamar hilabete hauetan, telefonoz izan dut arreta ia osoa. Eta denborarik gehienean, ezta hori ere. Otsailera arte sistema publikoko inongo traumatologok ez ditu nire belaunak ikusi, ez mutuako medikuak ere (hauek ere, nagusiki telefonoz, mediku faltagatik). Eta bertze hiru hilabete daramatzat igualtsu. Medikuntza pribatura joan bertzerik ez nuen izan diagnostiko bat edukitzeko: bi belaunetako tendoiak hautsita ditut. Ebakuntza bertzerik ez dago.

Bidean galdutako erresonantzia bat, agenda arazoak eta grebak tarteko, otsailaren 6tik ez nau inork artatu. Martxoaren 5, 17 eta apirilaren 27ko hitzorduak gibeleratu dizkidate Bidasoko Ospitalean, ekainaren 8ra, oraingoz. Erorikoa izan eta ia urtebetera. Ez dut ebakuntza datarik, ez planteamendurik ere.

Ez dakit sistemarenak egin duen, baina sistemak nirekin huts egin du. Eta, makurrena dena, medikuntza pribatura jotzea bertzerik ez dit eskaini. Osakidetza, non zaude?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun