Mutilen ohorezko kadete mailako partiduan kanpoko taldeko zale batzuk irainak eta oihuak egin eta epailearen kontrako jarrera mehatxagarriak izan zituzten
Lesakako klubetik argi eta garbi salatu nahi dituzte horrelako jokabideak, «kirolaren balioekin batere zerikusirik ez dutenak. Futbola elkarbizitzarako, errespeturako eta heziketarako gune izan behar da, bai jokalarientzat, bai familientzat eta zaleentzat ere. Bereziki azpimarratu nahi dugu epaileen lanarekiko dugun errespetua. Funtzio ezinbertzekoa da edozein lehiaketaren garapenerako, eta segurtasun, duintasun eta errespetuzko ingurune batean egin behar da. Epaileak jokoaren parte ezinbertzekoak dira, eta beren lana inolako presio, mehatxu edo intimidaziorik gabe egin beharko lukete».
Beti Gaztek berriz ere adierazi nahi du bere gaitzespen osoa «edozein indarkeria, mehatxu edo errespetu faltaren aurrean, nondik heldu den kontuan hartu gabe: kanpoko zein etxeko zaleengandik edo inplikatutako bertze edozein eragilerengandik. Halako jarrerek ez dute lekurik ez gure instalazioetan, ezta inolako kirol lehiaketatan ere». Era berean, bere babes osoa adierazi nahi dio kaltetutako epaileari eta egoera honengatik kaltetuak izan daitezkeen pertsona guztiei. Bere prestutasun osoa adierazi du Beti Gaztek Federazioarekin eta agintari eskudunekin elkarlanean aritzeko, gertatutakoa argitzeko eta behar diren neurriak har daitezen beharrezko informazio guztia emanez. «Klubak lanean segituko du kirola errespetuan, heziketan eta gure gazteentzat eredugarri izan behar duten balioetan oinarritua izan dadin sustatzeko» dio, bukatzeko, Beti Gazteren oharrak.