Bestak 2026

'Berako Oihua' aldizkarirako azal lehiaketan parte hartzeko eta artikuluak bidaltzeko epea ireki dute

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 29a

Berako bestetako giroa islatu beharko du azalak.

Berako bestetako programa biltzen duen 'Berako Oihua' aldizkarirako azala eta kontrazala aukeratzeko lehiaketa antolatu du aurten ere udalak eta Besta Batzordeak. 

Lanak ekainaren 2rako aurkeztu beharko dira herriko etxean zein telematikoki. Parte hartzaile bakoitzak nahi bertze lan aurkezten ahalko ditu eta irudian derrigorrez idatzi beharko da Berako Bestak 2026. Irudien gaia, estiloa eta teknika librea izanen da. Hori bai, ohartarazi dute ez dutela plagiorik onartuko, ezta adimen artifizialarekin osatutako irudirik ere.

Sariduna herri bozketa bidez erabakiko dute eta aurten, bi sari emanen dituzte: boto gehien lortzen dituen lanak 400 euro eta aldizkariko azalean agertzea lortuko du eta bigarrenak 200 euroko saria eta aldizkariko kontrazalean agertzea.  
Lan saridunaren jabea Berako Udala izanen da eta bere iragarpen, argitalpen, zabalkunde eta abarren eskubide guztiak altxatuko ditu beretzat. 

Artikuluak bidaltzeko aukera

Berako Oihua aldizkarian bestetako programa biltzeaz gain, Berari buruzko artikuluak ere publikatzen dituzte. Bada, artikulu horiek bidaltzeko epea ere ireki dute.  Maiatzaren 29a baino lehen bidali beharko dira kultura@bera.eus helbidera.

Gehienez bi orrialdeko luzera izan beharko dute, eta derrigorrezkoa izanen da izenburua izatea eta egileen izen abizenak bidaltzea. Euskaraz idatzitako lanek izanen dute lehentasuna, eta ez dute pertsona edo talde bat mintzen ahal duen testurik onartuko.

Artikuluek Berako herriarekin erlazionatuak izan behar dute, bere historiarekin, antzinako herriko bestekin, Berako kultur edo kirol eragileak, herriko ekimenak eta mugimenduekin... Gainera ohartarazi dute Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordea ez dutela zertan ados egon behar Berako Oihuan argitaratutako iritziekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun