«Haserre eta suminduta». Halaxe mintzatu dira Labiaga Ikastolako zuzendaritzako kideak Gimenoren adierazpenaren harira: «Inoiz erabili ez den irizpide bat aplikatu digute, eta guretzat hau ez da administrazio kontu soil bat; Berako familiek gure proiektuan hezteko duten eskubidearen aurkako erasoa da». Gaineratu dutenez, «argi dugu erabaki honekin D ereduaren eta euskarazko hezkuntzaren garapena oztopatu nahi dutela Nafarroan. Baina ikastola ez da hizkuntza eredu bat soilik; herritik eta herriarentzat sortutako komunitate bizia da, eta horixe da defendatuko duguna».
«Argi dugu erabaki honekin D ereduaren eta euskarazko hezkuntzaren garapena oztopatu nahi dutela Nafarroan».
Erabakia «kolpe gogorra» izan dela onartu dute: «Gure geletako baten finantzaketa galduko litzateke, eta horrek eragin ekonomikoa izanen du. Gainera, ituna lau urtero berritzen denez, gure proiektuaren egonkortasuna epe luzera kolpatzen du. Larriena kontraesan hau da: Hezkuntza Departamentuak ratioak jaisteaz solas egiten duen bitartean, gu baliabideak kendu eta gela bat ixtera behartzen gaituzte, ikasleak metatuz. Horrek gure hezkuntza kalitatea eta arreta pertsonalizatua kaltetzen ditu zuzenean».
Joan den astean, Nafarroako Gobernuak iragarritako murrizketen kontra protesta egin zuten Nafarroako ikastoletako familiek, langileek eta ikasleek Iruñean. Hantxe parte hartu zuten Labiaga Ikastolakoek ere. «Hunkigarria» izan zela adierazi dute: «Dozenaka familia joan ziren Beratik Iruñera gure proiektua babestera. Babes horrek erakusten du Labiaga ez dela zerbitzu hotz bat; elkartasunetik eta auzolanetik eraikitako proiektua dela. Ez gaudela bakarrik erakutsi digu eta bidegabekeria honen aitzinean ez garela geldirik egonen».
«Euskarak Nafarroan aitzinera egitea nahi badugu, ikastolak eta herritarron indarra ezinbertzekoak dira».
Etorkizunera begira, argi dute: «Ez dugu etsiko. Badakigu euskarak Nafarroan bide malkartsua duela, oztopoz eta bidegabekeriaz betea, baina joan den asteko agerraldiak erakutsi zigun ez gaudela bakarrik bide horretan. Gure eskubideak defendatzen segituko dugu, ikastolako komunitate osoaren eta euskararen aldeko herri mugimenduaren babesarekin. Guztiok egin behar dugu borroka hau. Euskarak Nafarroan aitzinera egitea nahi badugu, ikastolak eta herritarron indarra ezinbertzekoak dira».