Jaiotze tasaren beheititzearekin lotuta, duela aste batzuk eman zuen berria Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak, eta heldu den irailetik aitzinera, Haur Hezkuntzako 33 ikasgela itxiko zituztela jakinarazi zuen. Eskola publikoetan, ikastoletan, eskola erlijiosoetan eta pribatuetan egin zuen iragarpena eta ikastetxeen zerrendan agertu zen eskola publikoetako bat Lesakako Irain eskola izan zen.
Irain eskolako zuzendaritzako kideek onartu dute hasierako berria «penarekin» hartu zutela. Haien arabera, «jaiotze tasak orokorrean jaitsi egin badira ere, momentua ratioak aldatzeko probestu behar litzateke eta ez hezkuntza publikoan gelak ixteko. Gelak ixten diren aldiro, lehenbiziko kaltetuak gure haurrak dira. Baina ez dugu atzendu behar lanpostu finkoa duten irakasleak lekualdatzera behartuak daudela eta behin-behineko postuak dituzten langileak lanik gabe gelditzen direla».
Hasierako adierazpen horien ondotik, Gimenok joan den ortzegunean, apirilaren 23an, eskola publikoetako ikasgelak ez zituela itxiko adierazi zuen prentsaren aitzinean. Baina Irain eskolakoek «informazioa nahasi eta manipulatu» izana leporatu diote. Gehiago ere bai. Haien «haserrea eta nahigabea» erakutsi nahi izan dute: «Hezkuntza publikoan gelarik ez duela itxiko erran bazuen ere, bidali dizkiguten aurreikuspenetan gela itxi digute».