[ARGAZKIAK] Nerea Sorondo omendu dute Berako Azienda Ferian

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 27a

Hamargarren aldiz egin zuten larunbatean Beran Azienda Feria Eguna. Nerea Sorondo aizkolariari omenaldia egin diote bere kirol ibilbide oparoagatik.

Argazkiak: Arantza Agirre. 

Berako zein inguruko abeltzainek azienda plazaratzeko eguna izan zen larunbatean Beran. Pottokak, zaldiak, ardiak, behiak, hegaztiak... Aunitz izan ziren abeltzainek Berara eramandako aziendak, eta jende aunitz bildu zen horiek ikustera ere. Bertako ekoizleek ere postuak paratu zituzten, eta lanerako makinaria ikusteko aukera ere izan zen. 

Azienda ez zen ordea, eguneko protagonista bakarra izan. Azken urteetan bezala aurten ere herritar bati omenaldia egin dio udalak, aurten Nerea Sorondori. Ibilbide oparoa osatua du Sorondok aizkolari gisa eta gainera erreferente izan da ondotik aizkoran hasi diren emakumeentzat ere. 

Sorondok aizkora desafioa egin zuen Uxue Ansorregiren kontra. Ondotik, berako bi aizkolari gazteren debuta izan zen. Eñaut Korta eta Andoni Latorre lehendabiziko aritu ziren jende aitzinean. Korta Endika Goiarekin aritu zen, eta Latorre, berriz, Oier Larretxearekin. 

Ekhiñe Zapiain eta Julen Zelaieta bertsolariak ere aritu ziren kantuan, eta hiru saskiren zozketa ere egin zuten. Saridunak Gurutze Graziarena, Mari Jose Arregi eta Irati Ibarra izan ziren. 

Eguna borobiltzeko, azokako parte hartzaileentzat bazkaria izan zen Ricardo Baroja eskolako patioan. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun