Erreleboka, berriz, Unai Iñarrea eta Luken Urtxegi herriko gazteak nagusitu ziren
Bakarkako proban, proba bukatu zuten 21 kirolarien artean, Lokatzetan Kirol Taldeko Eneko Gurrutxaga Ugarte izan zen bizkorrena (1.41.22). 44 segundora, bigarren izan zen Aitor Begino Irigoien igantziarra (1.42.06) eta hirugarren Iker Telletxea Antzizar lesakarra (1.46.12). Bertze bi igantziarrek ere egin zuten duatloi osoa bakarka, Manex Sarasola Zelaietak eta Mikel Urtxegi Dorronsorok.
Erreleboka, berriz, hemezortzi bikote atera ziren eta Unai Iñarrea Iguzkiagirre eta Luken Urtxegi Urra igantziarrak izan ziren garaile (1.31.48). Bigarren postua Ulibeltzak elkarteko Asier Antuña eta Koldo Herrera sunbildarrek lortu zuten (1.32.21) eta hirugarrena Manttaleko Haitz Telletxea beratarrak eta Antton Ibargurenek (1.33.03).
Goizean haur eta gaztetxoak
Haur eta gaztetxoen frogarekin hasi zen eguna eguerdiko 12:30ean (10 urtetik beheitikoek). Bakarka nahiz binaka aritu ziren eta herriari bi itzuli eman ondotik bizikletaz bertze bi buelta eman zizkioten Talaian barna doan ibilbideari. Ondotik 10 urtetik goitikoak atera ziren eta hauek herriari itzuli bat lasterka eta bertze bat bizikletaz eman zioten. Fuerte heldu zaizkigu gaztetxoak!
Giro bikaina izan zen aurtengoan ere kirol proba honen inguruan. Heldu den urtean gehiago!