Bortzirietan emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aitzinean erakundeen arteko jarduera koordinatzeko protokoloa prestatzen ari dira, eta apirilaren 29an, Indarkeria matxistaren eragina eta tokiko arreta Bortzirietan diagnostikoaren aurkezpen saioa eginen dute, 18:00etan Berako Beralandetan.
Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak oroitarazi duenez, «indarkeria matxista jendartea egituratzen duten genero desberdinkerien adierazpen gordinena da eta, aldi berean, desberdinkeria horiek iraunarazteko mekanismoa da. Botere harreman heteropatriarkalek gurutzaturiko jendartean, emakume, neskato, haur edota sexu genero disidenteen eskubideak sistematikoki urratzen dira».
Indarkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatzearekin batera, ezinbertzean, horri kontra egin eta erantzuna hobetzeko neurriak hartu behar direla uste du. Helburu horrekin, Bortzirietan indarkeria matxistari ematen zaion erantzuna hobetzeko koordinazio lanketa prozesua abian paratu du Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak, Emagin aholkularitza teknikoarekin eta bertze hainbat eragile eta erakunderekin batera. «Horretarako, aitzinetik eskualdeko errealitatea ezagutu behar da. Beraz, emakumeen kontrako indarkeriak Bortzirietan duen eragina eta indarkeria prozesuetan biziraun duten emakumeek hartzen duten arretaz arduratzen diren eragileen jarduketa eta koordinazioa ezagutzea beharrezkoa izan da». Azterketa horren emaitza da diagnostikoa.
Berdintasun zerbitzuaren hitzetan, «funtsezkoa da gizarte osoaren eta tokiko eragileen inplikazioa indarkeria matxistaren aurka», eta horregatik dei egin diete herritarrei eta eragileei Beralandetako hitzordura joateko, «errealitate hau hurbiletik ezagutze». Saioan izanen dira Emagin formazio eta ikerketa feministako kideak ere.