Nafarroako Gobernuak heldu den ikasturtean ikasgelak murrizteko adierazi duen erabaki polemikoak ekarriko dituen arazoez ohartarazi eta horien kontra protesta egiteko elkarretaratze jendetsua egin zuten asteazken arratsaldean Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren atarian.
Oier Sanjurjo, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak gogora ekarri zituen herrialde osoan zabalduta dauden ikastolak. Joan den astean jakin zuten murrizketaren berri, eta berehala plazaratu zuten kexa ikastolek, uste baitute eurek sufrituko dutela murrizketarik handiena, eta horrek bete-betean eraginen diola euskarazko hezkuntzari.
Nafarroa osoko ikastoletako familia, langile eta ikasleak izan ziren asteazkeneko protestan, tartean, Berako Labiaga eta Lesakako Tantirumairu ikastolakoak ere. «Gaur hemen gaude haserre gaudelako, eta haserre egoteko arrazoiak sobera ditugu», azaldu zuen Oier Sanjurjok. «Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kolpe latza eman die Nafarroako Ikastolei, eta bereziki, gure komunitatea osatzen duten milaka familiari. Aldebakarrez, elkarrizketari ateak itxita eta inposaketaren bidea hartuta, zazpi ikastolari Haur Hezkuntzako itunak ukatu edo murriztea erabaki du datozen lau urteetarako».
«Erabaki politiko eta arbitrarioa»
Murrizketak egiteko arrazoibidea jaiotza tasaren beherakada dela argudiatu du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, baina ikastoletako ordezkariak ez datoz bat argudio horrekin. «Erabaki hau ez da erabaki tekniko bat, erabaki politiko eta arbitrarioa baizik. Jaiotza tasa bereziki baxuko urte bat erabili dute aitzakia gisa gure sareari murrizketak ezartzeko. Orain arteko irizpideak aplikatu izan balira eta berdintasun printzipioa mantendu, orain arteko itun guztiek berdin jarraituko lukete, eta are gehiago, gela batzuk gehitu ere egingo lirateke».
Ikastolen ezaugarriak aintzat hartu behar direla adierazi zuten. «Auzolana gara. Auzolanean eta gizarte onuran sinesten dugu. Ez dugu pribilegiorik eskatzen, ez dugu beste inor baino gehiago izan nahi. Baina ez dugu onartuko gutxiago izatea. Izateko eskubidea eskatzen dugu, besterik ez». Erabakian gibelera egin eta negoziazio mahaian esertzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari, eta bitartean mobilizatzen segituko dutela aitzineratu dute.