Larunbata honetan, apirilaren 25ean, eginen dute Berako Azienda Feria. Hamargarren edizioa izanen da aurtengoa, eta bertze behin udalak eta abeltzain talde batek antolatu dute elkarlanean.
Toki Ona institutuko estalpean izanen da feria 10:00etan hasi eta 13:00ak bitarte. Ardiak, behiak, zaldiak, astoak, zerriak, ahuntzak, hegaztiak eta erleak plazaratuko dituzte Berako eta inguruko abeltzainek. Horrekin batera janari postuak ere izanen dira: ardi gasnak, eztia, ogi ekologikoa eta gozoak. Baserriko lanerako makinaria ere paratuko dute.
12:00etan Ekhiñe Zapiain eta Julen Zelaieta bertsolariak ariko dira kantuan. Aizkolarien txanda izanen da ondotik. Goi mailan ari diren Nerea Sorondo eta Uxue Ansorregi nor baino nor azkarrago ariko dira. Gainera, Nerea Sorondori omenaldia eginen diote aizkoran egin duen ibilbide oparoa saritzeko.
Omenaldiaren ondotik, berriz ere aizkolariak ariko dira: Oier Larretxea eta Andoni La Torre, Endika Goia eta Eñaut Kortaren kontra. Laurak dira beratarrak eta La Torreren eta Kortaren debuta izanen da aizkoran. Aizkolarien jarduna bukatuta, bertsolariak ariko dira kantuan eta bertako produktuen saskiak zozketatuko dituzte.
Eguna borobiltzeko, parte hartzaileentzat bazkaria izanen da Ricardo Barojako jangelan.