Berdinketa lortu du Beti Gazteko futbol talde nagusiak aste tarteko jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 23a

Beti Gazteko jokalariak atzo Oiartzunen. Historikoki, Gipuzkoako futboleko maila nagusian jokatu zuten milagarren partidan berdindu egin zuten.

Aste Santuko, pazkoko eta Realaren kopako finaleko asteburuak zirela eta, ia hilabete osoa zuen Beti Gazteko futbol talde nagusiak lehiatu gabe eta aste tartez, asteazken arratsaldean jokatu zuen partida Oiartzungo Karla Lekuona zelaian. Ez zen partida xamurra, sailkapenaren hirugarren postuan eta hirugarren RFEF mailara igotzeko promozioan sartzeko borrokan dabilen Oiartzunen kontra aritu behar baitzen. Partida berezia, mugako herrien arteko derbia ez ezik, Beti Gaztek Gipuzkoako maila nagusian (lehen Preferente, orain ohorezko maila) lehen aldiz 1985-86 denboraldian igo zenetik milagarren partida baitzen. Tartean, erregionalera jautsiera batzuk izan ditu taldeak, baita hirugarren mailako 2021-22 denboraldi historikoa ere.

Gipuzkoako ohorezko mailan lesakarren milagarren partidan bana berdindu zuen Oiartzunen, hirugarren mailara igotzeko borrokan dabilen Oiartzunen kontra

Asteazkeneko partidan, oiartzuarrak aitzineratu ziren lehen zatian, baina bigarrenean Jon Zabala aranztarrak sartutako denboraldiko bere hamabosgarren golari esker (kategoriago golegile nagusia da) berdintzea lortu zuen eta irabazteko aukerak ere izan zituen Beti Gaztek. Azkenean puntua ontzat eman zuten, matematikoki ez bada ere, maila mantentzeko lehian, jautsiera postuetatik bederatzi puntura segitzen baitute lesakarrek, bortz partida falta direnean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun