3,7 milloi euro Berako Kanttonberri eta Altzate karrikak eraberritzeko

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 21a

Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuak 3,7 milioi euroko inbertsioak bultzatu ditu Beran Kanttonberri eta Altzate karrikak erabat eraberritzeko.

Berriki Oskar Txibite kontseilaria eta Herri Lan eta Azpiegituretako zuzendari nagusia Beran izan dira Altzate karrikan egiten ari diren eta Kanttonberri karrikan egindako lanak ikusteko. Gobernuko ordezkariekin batera,  Aitor Elexpuru alkatea, eta Anjel Pombar eta Esteban Agirre zinegotziak eta Sasoi enpresako arduradunak izan dira lanak ikusten.

Beran egindako bisitan, Tokiko Inbertsioen Planaren (TIP) funtsei eta plangintzari esker, «Nafarroako udalerrietako bizi-kalitatea hobetzen» ari direla adierazi du Txibite kontseilariak, eta administrazioen arteko «lankidetza» balioetsi du. Jarduera horien bitartez, «Berako Udalaren eskariari erantzuteaz gain, zeharbidean egindako lanarekin nabarmen hobetuko da tokiko mugikortasuna, eta oinezkoentzako eta gidarientzako segurtasuna indartuko da».

Berako alkateak ziurtatu duenez, obra horien bidez euri-uren saneamenduko eta ur-hornidurako sareak berritu dira, eta, horrela, uraren kudeaketari dagokionean, aurrezpena eta eraginkortasuna hobetu dira. Aldi berean, Altzateko eta Kanttonberriko zoladura berrituz, «auzo horiek mugikortasunaren, irisgarritasunaren eta segurtasunaren parametroak beteko dituzte, egungo legedia betez».

Egiten ari diren lanak 

Beran egiten ari diren lanik garrantzitsuena Eztegara eta Altzate tartean zeharbidea urbanizatzea da. Horretarako, 2,4 milioi euro inguruko inbertsioa behar da, eta 1,2 milioi Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak (600.000 euro) eta Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak (596.812 euro) jarri dituzte. Lanak iazko urrian hasi zituzten, eta urte honen bukaera aldera bukatzea aurreikusten dute. 

Kanttonberri karrikako horniduraren, saneamenduaren, euri-uren eta zerbitzuen sareak zolatzeko eta berritzeko lanak, berriz, jada amaitu dira 1,3 milioi euro inguruko inbertsioarekin. Horietatik 728.607 euro Lurralde Kohesiorako Departamentuak jarri ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun