Txorrotako ura ez kontsumitzeko eskatu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 20a

Berako Udalak jakinarazi duenez, egurra ateratzeko lan batzuen ondorioz uhertasunak atzeman dituzte edateko ur hornidura sarean. 

Berako Udalak beharrezkotzat jo du txorrotako edateko uraren erabilera aldi baterako murriztea, eta kontsumitzekotan ura desinfektatzea edota aitzinetik bortz minutuz irakitea. Botilako ura edatea gomendatu du, batez ere pertsona inmunodeprimitu edo osasun talde zaurgarrietakoen artean. 

Berako Udala  Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin batera koordinatuta ari da egiten aferaren jarraipena. 

Moldatze lanak abian

Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, uhertasunen motiboa egurra ateratzeko mendi lanak izan dira. Berako ur hornidurako sarea hornitzen duen erreketako batean, Arantxipi errekan, lur isurketak egon dira. Matxain izeneko ur hargunea hornitzen du errekak, eta beraz, baita Suspelttiki auzoan dagoen Kaxena ur biltegi nagusia ere. 

Arazoa konpontzeko, egurra ateratze lanak bukatu arte, zikindutako errekatik urik ez hartzea erabaki dute. Baita Kaxernako biltegi nagusiko bi ontzietako bat hustea ere, pilatutako lurra kentzeko. Asteazken honetan garbituko dute ontzia. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun