«Hazten segitu nahi dugu pertsonak ardatz gisa hartuta»

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 19a

Elena FDEZ. DE CASADEVANTE eta Esti ETXEBERRIA, ALCO lantegikoak.

Duela 60 urte baino gehiagotik aire zabaleko altzariak fabrikatzen ditu Berako Alco lantegiak, «enplegua eta balioa sortuz gure komunitatean». Familia enpresa da, «hagitz konprometitua tokiko ingurunearekin». Hori dela eta, «ingurumenarekin arduratsuak diren produktuak egiten ditugu».

Joan den urtean, ekainaren 5ean hain zuzen, 60. urteurrena ospatu zuten; «bazkaria, musika… jarduera ugari egin genituen lantalde osoarekin eta egun ahaztezina izan zen». 

Lantaldearen garrantzia

Merkatuan hainbertze urte egiteko, «pasioa, ahalegina eta lan handia» beharrezkoak dira eta, noski, «giza talde handi bati esker gaude hemen, haiek gabe ezinezkoa izanen litzateke».

Aurten gerentea aldatu du enpresak, «aitzinera eginez pausoz pauso, gure taldeko talentu eta esperientzian oinarrituz». Elena Fernandez de Casadevante da kudeatzaile berria: «etxeko ezagutza sakona eta Alcon ibilbide zabala duen pertsona. Gure proiektua bultzatzen eta etorkizuneko erronkak aurreikusten laguntzeko giltzarria da».

Esti Etxeberriak, berriz, «pertsonen arloa gidatzen segitzen du. Gerentziarekin laguntzeko rola ere hartuko du, ikuspegi estrategikoa indartuz eta enpresaren konpromisoak mantenduz, pertsonak gure hazkuntzaren ardatz gisa hartuta».

«Esperientzia, lidergo eta ikuspegi partekatuaren konbinazioa» dira, «Alcoren etorkizuna elkarrekin eraikitzen segitzeko».

Aire zabaleko aisialdian bidelagun

Lorategi, hondartza eta kanpineko altzariak ekoizten dituzte: kulunkak, mahaiak, hozkailuak… «Baina gure produktu izarra aulkia da. Hondartzako aukeren artean hirutik bat Alco izatea ez da kasualitatea; hamarkada batetik bertzera lortutako konfiantzaren emaitza da».

Produktuek «bereziki kalitate eta iraunkortasun handia dute eta ingurumena errespetatzen dute». Gainera, «erabilera erosoa eta funtzionalitatea bermatzen dute, beti bezeroen beharrei erantzuten saiatuz». Berako instalazioaten fabrikatuak dira, «giza talde batek egindakoak, konprometitua, arduratsua eta hurbilekoa».
Urtero katalogo berria argitaratzen dute eta kanpaina egiten dute irailetik abuztura bitarte. Hala ere, «kalitatezko materialek eta kontrolek babestuta, urteak iraun dezaketen produktuak eskaintzen ditugu». Gaur egun «19 herrialde baino gehiagotan daude eskuragarri . Txinatar ekoizle erraldoiei aurre egiten dien Nafarroako fabrika gara, eta Europako fabrikatzaile bakarrak sektorean».

Etorkizunera begira, «hazten segitzea» dute helburu, «merkatu nazionalean zein nazioartekoan. Udaren parte izaten segitu nahi dugu, askatasun, erosotasun eta aire libreko oroitzapenak sortuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun