Arantzako Mendi Itzulia
Arantzako Mendi Itzuliaren hamabigarren edizioa izanen da aurtengoa eta maiatzaren 17an eginen dute. Ekaitza Elkarteak bi urtetik behin antolatzen du, mendi lasterketarekin txandakatuz, eta aurten mendi itzulia tokatu da.
Mendizaleek 27,9 kilometro eta 1.600 metroko malda duen ibilbidea egin beharko dute. Irteera 07:00etatik 08:00etara izanen da, eta plazatik abiatuta, maldan beheiti hasiko dira lehenbizi. Goitirako bidea hartuko dute istantean, eta Itsaszelaietara (515 m) joan beharko dute. Izu (829 m), Ibintza (1.032 m), Ekaitza (1.042 m) eta Illurdi (1.075 m) izanen dira hurrengo tontorrak. Illurditik beheiti, herrirako bidea hartu beharko dute, eta Mairubaratzatik (750 m) eta Bulatxikitik (568 m) pasatuta, plazan izanen dute helmuga.
Bidean, hainbat kontrol puntu izanen dira, baita osasun langileak, jatekoa eta edatekoa ere.
Izen ematea
Ekaitza Elkarteak ortzegun arratsaldean zabaldu zuen mendi itzulian izena emateko epea. Lotura honetan sartuta eman behar da izena. Maiatzaren 15eko 14:00 baino lehen online apuntatuz gero, 15 € ordaindu beharko dira eta egunean bertan 17 €. Dena den, Ekaitza Elkarteko bazkideek bi euro guttiago ordaindu beharko dituzte.
Egun berean izena ematea aukeratzen dutenek 06:30etik 08:00etara egin behako dute.
Gainerakoan, antolatzaileek jakinarazi dute, ez dutela plastikozko basorik banatuko eta bakoitzak berea eraman beharko duela. Horrekin batera, 14 urtetik beheitikoek heldu batekin egin beharko dute ibilbidea.
Baztango Mendi Itzulia
Baztango Mendigoizaleak taldeak Baztango Mendi Itzuliaren XXXI. edizioa antolatu du aurten. Maiatzaren 31n Elbeten izanen da eta mendizaleek bi ibilbide izanen dituzte aukeran: alde batetik, motza, 24 kilometro eta 1.100 metroko malda dituena; eta bertzetik, luzea 31,5 kilometro eta 1.500 metroko malda dituena. Kasu honetan, izena emateko epea apirilaren 29an zabalduko dute