«Geroz eta gazte gehiago etortzen dira produktuak erostera»

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 19a

Beko landareak mintegiko arduraduna da Iker Puyadena Patxi anaiarekin batera.

Iker PUYADENA ERRANDONEA, BEKO Landareak.

Duela 40 urte ireki zuten Beko Landareak Lesakan, eta 40 urte beranduago lanean segitzen dute. Lesaka sarreran dago Beko, eta animalientzako pentsuaz aparte, denetariko landareak saltzen dituzte: fruta arbolak, zuhaixkak, etxe barreneko eta kanpoko landareak, baratzeko landareak... Urte sasoiaren arabera aldatzen dituzte landareak, eta garaian garaikoa izaten dute.

Gurasoak duela pare bat urte jubilatu ziren, eta orain Iker eta Patxi Puyadena Errandonea anaiak dira saltokiaren arduradunak: «Gurasoak jubilatu zirenean zurrumurrua egon zen itxiko ote zen. Jendeak jakitea nahi dugu dendak beti bezala segitzen duela, ez dela deus ere aldatu, eta gurasoak eskura ditugula denerako».

Inguruko bezeroak izaten dituzte gehienbat, Bortzirietakoak eta adinari dagokionez helduak: «Pandemia garaian gazte aunitz animatu ziren, eta orain geroz eta gehiago etortzen dira». 

Landatzeko sasoia

Lan sasoi handiko garaia izaten dute udaberrian landareak lantzeko garaia izaten baita kanpoaldean: «Hiedra, dipladenia, geranioak, begoniak.... betiko landareak nahi izaten ditu jendeak», azaldu du Puyadenak. «Bada jendea lortzen duena landareak neguan irautea, baina aurtengo izotzekin guttik lortu dute». Aurten udaberriari esperatu  gabe, lehendabiziko eguraldi onekin nabaritu dute jendea hasi dela erosten: «Jendeak gogoa zuen landareak paratzeko, aurten dena hil baita».  Bereziki landare «gogorrenak» dira gehien saltzen direnak: «Dipladeniak, begoniak... jendeak gainean egin behar ez zaren landareak nahi izaten ditu».

Barreneko landareei dagokionez, horietan ez da sasoia arabera alderik izaten: «Askotariko aukera izaten dugu urte osoan».

Erosleek bi motatako tendentziak izaten dituzte: «Bada jendea urtero landareak aldatzen dituena eta bada jendea  neguan kontserbatzea lortzen duena eta pixkanaka berritzen joaten direnak». Ingurukoei ikusitakoaren arabera erosteko ohitura ere izaten dute aunitzek: «Paseo leku batean landare hagitz polit bat baldin bada jendea segidan etortzen da galdetzera eta erostera». 

Baratzeko landareak ere bai

Baratzeko landareak ere izaten dituzte, eta horien salmentan ere ari dira dagoeneko: «Pixkanaka paratzen ditugu salmentan, eta saldu ahala ekartzen ditugu berriak». Sasoi honetan, batez ere letxugak eta patata hazia ari dira saltzen: «Jendeak lurra prestatu du dagoeneko, eta orain landareak paratzen ari dira».

Landareen bezeroekin bezalatsu, batez ere jende heldua izaten da  baratzeko landareen eroslea: «Lur sailik handienak helduek izaten dituzte, eta gazteak baratze ttikia egiten hasten dira pixkanaka». 

Aholku eske

Erostera bakarrik ez, jendea aholku eske ere hurbiltzen da Bekora: «Bezeroak gure amaren aholkuetara ohituak zeuden, eta hasieran pixka bat kosta bazen ere, dagoeneko ohitu dira gurekin». Landareak eguzkia edo itzala behar duen, zer eritasun izan ditzakeen... Aholku egokiak emateko ikastea tokatzen zaie eta etxean ere paratzen dituzte landareak probak egiteko:  «Zeronek paratzen ez baduzu, ez dakizu zerk funtzionatzen duen eta teoriaz aparte praktika ere jakin behar da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun