Unai Iñarrea Iguzkiagirre txirrindulari igantziarrak meritu handiko bigarren postua lortu zuen igandean Lizarran ospatutako Superprestigio MTB lasterketa XCO (Cross Country Olinpikoa) modalitateko mendiko txirrindularitzako nazioarteko lehiaketan. 17 urterekin junior mailako podiumeko bigarren koskara igo zen Saltoki taldeko igantziarra, Valentziako Xavi Vidalen gibeletik eta Pablo Rodriguez kanariarraren aitzinetik.
Nazioarteko Txirrindularitza Batasunaren (UCI) rankingerako goi mailako proba puntuagarria da Lizarrakoa, eta horrek nazioarteko eta eliteko parte hartzaileak erakartzen ditu. XCO modalitatea (Cross Country Olinpikoa), berriz, zirkuitu itxi eta tekniko batean garatzen da, exijentzia fisikoa trebetasun teknikoekin konbinatzen duena.