Barraskilo Gazte Taldeak maiatzaren 16an eginen du aurtengo Gazte Eguna eta dagoeneko publiko egin dute egun osoko egitaraua. Jardunaldia hasteko, 12:00etan poteoa eginen dute Bonberena Txarangarekin Ansonea ostatutik hasita. Handik Sara kafetegira eta Izea ostatura joanen dira eta poteoa Toki Onako patioan bukatuko dute. Han bazkaria eginen dute 14:30ean. Bazkariko txartelak 22 euroren truke paratu dituzte salgai Purienean apirilaren 25era arte. Intolerantziaren edo alergiaren bat dutenen kasuan Barraskiloko sare sozialetara mezu bat idazteko eskatu dute. Bazkalondoan bingo musikatua eta jokoak eginen dituzte.
Ilunabarrean, 19:00etan hasita, berriz ere poteoa eginen dute txarangarekin. Toki Onako patioan hasi, handik Uraldea karrikako ostatuetara eta Lixoiara joanen dira eta poteoa Toki Onako patioan bukatuko dute. Eguna bukatzeko 23:00etan Bad Sound System taldearen kontzertua izanen da eta ondotik DJ Badsound. Parte hartzaileei azken edizioetan bezala mahoizko galtzak eramateko eskatu die Barraskilok.