Osasun mentala, zaintzaileen zaintza eta adinekoen autonomia eta laguntza lehenetsi dituzte
Azken hilabeteetan zaintza gaiaren inguruko hausnarketan ibili dira Lesakako zenbait eragile eta norbanako. Horretarako zaintza mahaia osatu dute eta «Lesakan eraiki nahi dugun zaintza ereduaren inguruan hausnartu eta herriko errealitatea kontuan izanik, ditugun beharrak ezagutu eta hauei, denok batera nola erantzun ahal diogun pentsatzeko erronka dugu».
Zaintza gaien bueltan lanean dabiltzan eragileekin galdetegi bat konpartitu ondotik, interes eta lanketa beharrak dituzten hiru gai lehenetsi dituzte:
- Osasun mentala
- Zaintzaileen zaintza
- Adinekoak: autonomia eta laguntza
Galdetegia
Hau horrela, oraingo honetan, gai hauen inguruan Lesakan dauden beharrak ezagutzeko herri mailako galdetegi bat egin duten eta honetan Lesakan bizi den oro parte hartzera animatu nahi dute: «Benetan denon beharretara egokitzen den zaintza eredu bat eraiki nahi badugu, beharrezkoa da denok bat egin eta bakoitzak dituen bizipen eta ikuspuntuak konpartitzea.
Galdetegi arina izan dadin, agudo erantzuteko galderak pentsatu badituzte ere, bloke bakoitzaren bukaeran galdera ireki bat planteatu dute, «hauek erantzutea guretzat hagitz garrantzitsua da, zuen iritzi eta bizipenak ezagutzeko, beraz tarte bat eskaintzea eskertuko genizueke».
Galdetegia apirilaren 15etik 27ra egonen da eskuragarri, lotura honetan sartuta edo paperean bete ahal izanen da. Paperean erantzun nahi izanez gero galdetegiak ondoko tokietan egonen dira: Izarra okindegian, osasun zentroan, liburutegian, zahar etxean, jubilatuen elkartean eta kiroldegian.