Energia berriztagarriak

Bigarren instalazio fotovoltaiko bat eraiki nahi du BixtuBera Energia Komunitateak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 14a

Kiroldegiko teilatuan paratua du BixtuBerak instalazio energetikoa.

Apirilaren 27an bilera eginen dute Beralandetan 19:30ean proiektuaren nondik norakoak herritarrei aurkezteko

Kiroldegiko teilatuan eraiki zuen BixtuBerak bere lehenbiziko instalazio fotovoltaikoa, udalarekin elkarlanean. 2025eko udaberriaz geroztik, bertan sortutako energia berriztagarria Berako 50 etxe eta komertziotara banatzen da, baita udal eraikin gehienetara ere. Orain, herritar gehiagorengana ailegatzeko asmoarekin, bigarren instalazio fotovoltaiko bat eraiki nahi du BixtuBerak, eta bertan parte hartzeko deia egiten die herritarrei.

Instalazio fotovoltaikoan parte hartzeko, herritarrak (norbanakoak, merkatariak, enpresak…) inbertsio bat egiten du, eta etxean kontsumitzen duen energiaren zati bat instalazioko eguzki panelek sortutakoa da. «Horrek aurrezpen zuzena eragiten du hilabeteroko fakturan, eta trantsizio energetikoan aitzinera egiten laguntzen du, % 100 berriztagarria den energia sortzen laguntzen duelako, deskarbonizazioan sakonduz, eta bide batez, tokiko soluzioak ematen ditu, dependentzia energetikoa guttituz».

Herritarrak informatzeko bilera

Proiektua lehenbiziko eskutik ezagutzeko eta instalazioan parte hartzeko aukerez, betebeharrez, eta bertzelako xehetasunez aritzeko, herritar guztientzat irekia egonen den bilera antolatu du BixtuBerak heldu den apirilaren 27rako, astelehenarekin, arratsaldeko 19:30ean, Beralandetan.

BixtuBera 2023ko udazkenean sortutako Energia Komunitatea da, irabazi asmorik gabea, eta gaur egun 75 bazkide ditu, herritarrak, merkatariak, ikastetxeak eta udala tartean direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun