Aitzinetik ohar bidez zabaldutako berretsi zuen METAk larunbateko agerraldian: hiru lagun etxetik botatzeko prozedura abiatu duela etxejabeak. «Urte eta erdi inguru daramate maizterrek bertan bizitzen azpi errentamenduan, ahozko kontratu batekin eta apirilaren 30erako seinalatua da etxegabetze data».
METAren hitzetan etxejabea «Berako ostatu ezagun bateko jabea» da eta «duela urtebete inguru lan harreman okertzen hasi zen, eta langileak lana uztera «behartuta» egon ziren. Lan harremana bukatu ondotik, maizterrek etxean segitu eta alokairua ordaintzen segitu nahi izan zutela adierazi du taldeak, baina errentariak «uko egin ziola» dirua hartzeari.
Horren ondotik, METAren arabera, errentatzaileak «hamaika presio bide» erabili ditu etxegabetzea gauzatzeko eta hiru maizterrak herritik botatzeko: «Alokatutako etxera sartu izan da etxegabetzea modu irregularrean egiten saiatuz, oihu eta mehatxu artean; Langileek salaketa jarri ziotenean eskualdean kontakizun distortsionatu bat hedatu zen, atzerritarrak kontratatzearen 'arriskuak' iradokiz; argia eta gasa moztu zizkien; langileek bertze lan bat lortzean, kontratu ez zitzaten interbenitu du atzerritarren kontrako diskurtso kriminalizatzailea hedatuz eta langileak kontratatu dituztenetan, errentatzailea urrunago joan izan da mehatxuekin: etorkinak modu irregularrean kontratatuta izateagatik lan inspekziora salatuko zituela mehatxu egin du».
Ekinbide horiekin guztiekin hiru pertsona horiek etxetik botatzeaz aparte, «haien bizitza herrian ezinezkoa egitea bilatu» duela ohartarazi du METAk.
Salaketa epaitegian
Horren ondotik, errentatzaileak maizterren kontra bide legaletik jo duela esplikatu du METAk: «Gezurrez estalitako kontakizun baten bidez, oporretatik bueltan etxea okupatu ziotela eta bera eta bere alabaren ohiko-bizilekutik kanporatu dituztela argudiatu ditu epaitegien aurrean. Gezur bikoitza, dena etxegabetze prozesua bera azkartzeko».
METAk salatu du «azpijoko eta kontakizun faltsu eta erreakzioak onartezinak» direla eta ezin dutela onartu «horrelako diskurtso eta praktika kriminalizatzaileak herrian hedatu eta normalizatzea».
Gehiago ere bai: «Etxebizitzarako sarbidea geroz eta gehiago estutzen eta eskasten ari den testuinguru honetan, kasu honek argi erakusten du nola langile atzerritarren etxebizitzarako sarbidea are meharragoa den: aterpea edukitzeko, lan baldintza kaxkarrak onartu eta lan indar otzana, obedientea, izatera behartzen zaie».
Bertako zein atzerriko langileon eskubide politiko eta ekonomikoen defentsa egitea «denei» dagokien zerbait dela oroitaraziz bukatu zuten agerraldia. «Doakie besarkada estu bat, eta gure babes osoa, kideei. Ondoan izango gaituzue!»
Etxagabetzeko arriskuan dauden hiru lagunetik bik hartu zuten hitza ondotik. Bizitako guztia «hagitz gogorra» izan dela azaldu zuten, eta bertaratutakoei zein METAkoei eskerrak eman zizkieten arazoa gizarteratzen laguntzeagatik, zein erakutsitako babesagatik.