27 urte ditu Itxaso Berrozpe lesakarrak eta erizaina da Donostiako Unibertsitate Ospitalean. Egunerokoan mendia eta natura gustuko ditu, nahiz eta onartu duen etxean lasai ere «erraz» egoten den horietakoa dela. Etxetik urruti, aurtengo urtarrilean eta otsailean Saharan izan da hamahiru egunez bertako kanpamenduetan bizi diren herritarrak artatzen. Lehendabizikoz izan da bertan, baina ez luke azken bidaia izatea nahi. Saharan bizitakoa eta sentitutakoa kontatu ditu.
Betidanik izan duzu argi erizaina izan nahi zenuela?
Alde batetik, argi nuen arlo zientifikoari lotutako zerbait ikasi nahi nuela. Bertzetik, egunerokotasunean jendearekin kontaktua izan nahi nuen eta erizaintza aukera ona iruditu zitzaidan. Hasieran ez nekien hagitz ongi zer izanen zen erizaintza, izan ere erizainaren figura argi bat dago orokorrean, baina ikasketak egin ahala bide aunitz irekitzen dituen lanbide bat dela deskubritu nuen, eta hagitz kontent nago egindako aukeraketarekin.
«Hagitz kontent gaude bidaiak izan duen emaitzarekin»
Ikasketak bukatu zenituenetik nolakoa izan da zure lan ibilbidea?
Urte eta erdiz guti goiti-beheiti Hondarribiko Bidasoa Ospitalean aritu nintzen lanean ospitalizazioko hainbat eremu diferentetan. Ondotik, Donostiako Ospitalean aritu naiz. Lehendabizi neonatologian formazio bat egin nuen, bertan aritu nintzen lanean hilabete batzuez eta ondotik, pediatriako hainbat eremutan ibili naiz. Gaur egun, pediatriko larrialdietan ari naiz lanean Donostian.
Berriki Saharako errefuxiatuen kanpalekuan izan zara erizain gisa lanean. Lehendabiziko aldia zenuen bertan?
Bai, aurten izan naiz lehendabizikoz. Duela pare bat urte Shifa elkartera batu nintzen. Erizainez osatutako elkarte ttiki bat da Shifa. Aurten, mediku batzuk ere elkartu dira elkartera eta, beraz, lehendabizikoz bidaian medikuak ere izan ditugu gurekin.
Zein dira Shifa elkartearen helburuak?
Shifa Osasun Elkartea irabazi asmorik gabeko osasun elkartea da, 2023an erizain talde batek sortua. Proiektu honen helburu nagusia saharar errefuxiatuen kanpamentuetan osasun zerbitzua ematea da, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) Osasun Publikoko Ministerioarekin batera lan eginez.
Eta zer lan egiten duzue?
Saharako errefuxiatuentzat beharrezkoak diren osasun material eta sendagaiak biltzen ditugu, aldez aitzinetik bertako Osasun Ministerioarekin beharrak adostuz. Horrez gain, bertako osasun profesionalentzako osasun hezkuntza programak diseinatu eta martxan jartzen ditugu, eta Ahmed Abdelfatah Erizaintza Eskolarekin ere lan egiten dugu erizaintzako ikasleen hezkuntza prozesuan laguntzeko. Azkenik, Euskal Herritik bertatik ere Saharar errefuxiatuak bizi duten errealitatea ikusaraztea eta horri buruz sentsibilizatzea ere helburutako bat da guretzat, horretarako ikastetxeetan hitzaldiak ematen ditugu, irrati edo aldizkarietan elkarrizketak egin, eta gehien bat sare sozialak erabiltzen ditugu.
«Kanpalekura egokitutako protokoloak sortu ditugu»
Nola ailegatu zitzaizun Saharara joateko proposamena?
Shifa elkartean Fati izeneko erizain bat dago, izatez sahararra dena eta berak bere ikaskide batzuekin batera bultzatu zuen elkartearen sorrera. Nik elkarteko kide bat ezagutu nuen lanean, Jon, eta bere bidez elkartera batu nintzen eta horrela sortu zitzaidan joateko aukera. Erizaintza ikasten ari nintzela jada izan nuen aukera antzeko proiektu batean parte hartzeko. Formazio bat egin eta Bolibiara joatekoa nintzen, baina zoritxarrez COVID-19aren pandemia ailegatu eta ezin izan nuen proiektua garatu. Beraz, horrelako proiektu batean parte hartzea egiteke nuen zerbait zen.
Bertara lanera joan ahal izateko prestakuntza berezirik egin behar izan duzue?
Ez dugu formazio berezirik jaso. Gure kabuz, mediku batzuen laguntzarekin eta Osakidetzako protokoloetan oinarrituz, kanpalekutara egokitutako protokoloak garatu ditugu urte hauetan. Protokolo hauek ongi barneratu eta elkarteko medikuek emandako bertze formazio batzuk ere jaso ditugu.
Nolakoa izan da Saharara egindako bidaia?
Smarako probintzian izan gara, hamahiru egunez. Hagitz kontent gaude bidaiaren emaitzarekin, bai talde bezala hagitz ongi moldatu garelako eta baita orokorrean egindako guztia hagitz ongi ateri zaigulako.
«Diabetesa eta hipertentsioa hagitz ohikoak dira Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan»
Zer nolako lana egin duzue?
Hiru bloketan banatu dugu lana, eta kide guztiek izan dugu aukera denetan aritzeko. Alde batetik, Smarako ospitalean larrialdiak artatu ditugu. Lehenengo egunetan jende gutti etortzen zen, baina gero ahoz aho zabaldu zen komisio bat ospitalean zegoela, eta azkenerako jende dezente etorri zen. Bertzetik, osasun hezkuntza eman dugu dispensarioetan, gure lehen arretako zentroak direnetan. Diabetesari eta hipertentsioari buruz solasean aritu gara gehien bat, bertan gehien ikusten diren gaixotasun kronikoak baitira. Azkenik, etxez etxeko laguntza ere eman dugu, familia behartsuenetara iritsi nahi genuen nolabait, eta egia erran hagitz aberasgarria eta gogobetegarria izan da guretzat. Aurten lehendabizikoz egin dugu hau elkarte bezala eta ederra izan da, hurrengo bidaietarako pertsona hauekin jarraipen bat egitea dugu helburu.
Zein izan da errefuxiatuen kanpamentuan aurkitutako egoera?
Kanpalekuak desertuan eraikitako komunitate bat dira, errekurtsorik gabekoa. Estruktura aldetik, etxe gehienak hagitz sinpleak dira, hormigoizko blokeekin egindakoak edo animalien azalarekin egindako jaimak. Baliabideak ere eskasak dira, uraren erabilera hagitz ongi neurtu behar dute, eta elikagaiak ere gehien bat laguntza humanitarioaren bidez lortzen dituzte. Guretzat 'normalak' diren gauza aunitz han pribilegioak dira aunitzetan.
Osasun aldetik, zer nolakoa egoeran daude bertako biztanleak?
Diabetesa eta hipertentsioa hagitz ohikoak dira. Kulturalki ohitura aunitz dituzte gaixotasun hauek izatea erraztu ditzaketenak, eta kuriosoa da hagitz kontziente direla, baina hain kulturala da, zaila dela aldatzea... Adibidez, tea hartzeko ohitura handia dago, eguneko edozein momentutan hartzen dute, eta teari azukre aunitz botatzen diote.
«Gure lana aunitz eskertu dute artatu ditugunek»
Zerk harritu zaitu gehien?
Kanpalekuetako egoera hain pobrea izanik, jendeak nolako jarrera duen. Kontent bizi da jendea orokorrean, lasai, eta izugarrizko esperantzarekin, Sahara libre baten esperantzarekin. Anekdota bezala, bikote heldu bati taka-taka bat oparitu genien eta neraien erantzuna izan zen hagitz eskertuak zeudela eta Sahara libre izatean beraien etxera gonbidatuko gintuztela afaltzera.
Nolakoa esperientzia izan da?
Lehendabiziko aldiz joan naiz kooperante eta esperientzia bezala hagitz gomendagarria izan da. Txoke kulturala izugarria izan da, baina pertsonalki hagitz aberasgarria.
Etorkizunean pentsatu duzu bertze bidaiaren bat egitea?
Saharako errefuxiatuen kanpalekutara itzultzea aunitz gustatuko litzaidake. Proiektu honekin kontent nago eta ez dut bertzerik burutan.

