Lesakako Udalak, Andra Mari zaharren egoitzarekin, Lesakako Osasun Zentroarekin eta Bortzirietako Gizarte Mankomunitatearekin batera, Sukalde Osasungarria proiektua aurkeztu zuen joan den urteko urrian. Proiektu honen bitartez, Andra Mari egoitzako sukaldean prestatutako bazkariarekin, etxez etxeko janari zerbitzua eskaintzen zaie beharra duten herritarrei, herriko zaintza komunitarioan aitzinera pausu bat gehiago emanez. Laburbilduz, Andra Mari egoitzako sukaldean prestatutako janariak, bertako egoiliarrentzat ez ezik, beharra duten egoitzatik kanpoko erabiltzaileei ere eskaintzen zaie. Gaur-gaurkoz hamaika erabiltzaile dituzte eta horietatik hiruk zahar etxetik bertatik biltzen dute bazkaria eta bertze zortziri etxera eramaten zaie. Gainera, joan den urteko abuztutik, Magala Haur Eskolako bazkariak ere Andra Marin prestatzen dituzte.
Laura Apeztegia Zahar Etxeko zuzendariak aipatu digunez, «zahar etxean 40 plaza ditugu eta bertze bortz eguneko egonaldirako, astelehenetik ortziralera, eta jangela zerbitzua eskaintzen diegu. Sukalde hori kanpora zabaltzea pentsatu genuen. Abuztuan hasi ginen Haur Eskolarako bazkariak eramaten eta orain, hurrengo pausua izan da herriko adinduei eta beharra dutenei janaria eramateko zerbitzua martxan jartzea: bazkaria prestatu eta nahi bada bertan bildu edo etxera eraman».
«Hogei laguni ematen ahal zaie zerbitzua gaurko azpiegiturarekin»
Ladis Satrustegi alkatearen erranetan, «zaintzaren inguruko proiektua da. Zahar etxeak badu bere sukalde propioa eta hori hobekiago erabiltzen ahal genuela pentsatu genuen, zerbitzu zabalago bat eskaini eta zenbait formula aztertu eta gero, bideragarriena etxez etxeko zerbitzua ematea zela erabaki dugu. Profil jakin bat betetzen duten lesakarrei etxera eramaten zaie janaria, zaintza moduan eskaintzen den zerbitzua da».
Astelehenetik ortziralera
Zerbitzua astelehenetik ortziralera ematen da, «hamaika plazarekin hasi gara, poliki-poliki zabaltzeko asmoarekin. Hamaika horietatik hiruk Andra Mari egoitzan hartzen dituzte bazkariak eta bertze zortziei etxera eramaten zaie. Baina gaur egun dugun azpiegiturarekin eta langilegoarekin, hogei bat laguni ere eskaintzen ahal zaie zerbitzua, inolako arazorik gabe», Laura Apeztegiaren erranetan. Prezioari dagokionez, zahar etxean bertan biltzen bada 7 eurokoa da eta 9 eurokoa etxera eramanez gero. Apeztegiak dioenez, «joan den urteko abuztuan hasi ginen Haur Eskolarekin, kurtsoa hasi zenean. Urrian egin zen Sukalde Osasungarriaren aurkezpena eta azaroan hasi ginen probatzen. Hasieran erran genuen astelehenetik ortziralera, besta egunak baldin badira tartean ez, baina igual eman izan zaie besta egunetan ere. Asteburuetan ez. Martxa horrekin hasi ginen, zerbitzua eta lanpostuak pixka bat egonkortzeko eta gero, asteburuetarako ere behar baldin bada, ikusiko dugu. Itxura batean, aurten lanpostuak egonkortuko dira eta bertze kolpe bat ematen ahal zaio zerbitzuari, egunero emanez, jende gehiagori emanez… Haur Eskolan ditugu 25 eta Andra Mari egoitzan 40 egoiliar, eta eguneko zentroan bortz. Beraz, egunero-egunero, aste egunez behinik behin, 80 herritarrentzako bazkaria prestatu eta banatzen dugu; egoitzakoentzako hiru otorduak eta kanpokoentzako bazkaria bakarrik».
Noski, janaria prestatzerakoan, ez da gauza bera zahar etxeko egoiliar bati, sukalde osasungarriko erabiltzaile bati edo haur eskolako ume bati janaria prestatzea, batzuen eta bertzeen elikadura beharrak ez baitira berdinak. Laura Apeztegiak aipatu digunez, «hasieran aldaketa batzuk egin genituen, oroitzen naiz batek erran zigula ez zuela makarroirik jaten, arraina ez dakit zer… pixka bat egokitzen joan gara hasiz geroztik. Ezin duzu mila aldaketa egin eta menu erabat pertsonalizatua eskaini, baina moldatzeko moduko eskaera errazak baldin badira, moldatu ditugu, bai». Hasieran haurrentzat eta zaharrentzat menu «igualtsua» egitea pentsatu zuten, baina haurren menuetan badira aldaketa batzuk… «Badira gauzak kointziditzen dutenak, baina bertze batzuk diferentexeago prestatzen dira».
Ladis Satrustegi alkateak gehitu duenez, «azkenean proiektua jaiotzen da momentuan dauden azpiegiturak probestuz, dauden baldintzetara egokituz, baina egia da gauza hauek noizbait solastatu ditugula. Laurak aipatu duen bezala, etorkizunean asteburuetan ere emateko planteamendu bat egin daiteke, besta egunetan segitu orain bezala, gerora ere sukaldeak ere bere beharrak izanen ditu, baina hori hobetuz edo handituz gero… hasierako diagnostiko batean mahai gainean jarri zen, kantitate handixeago emanda eta bi tuper eramanez gero, bazkarirako eta biharamunerako afarirako balio dezakeela… Egia da gaur-gaurkoz ez dela ematen, baina aukera bat izan daiteke».
Zaintza helburu
Nagusiki zaintza da zerbitzu honen helburua, baina Lesakako alkateak dioenez, «zaintza hitzak baditu konnotazio aunitz. Niri interesgarria iruditzen zait janaria eramateaz aparte, konfiantza harreman edo lotura bat sortzen ahal dela pertsona horien eta janaria etxera eramaten dietenen artean. Oraindik arrankatzen ari gara eta denak erlojuaren kontra bizi gara, baina bortz minutu horiek ere aunitzerako eman dezakete. Hor ere, beharra duten pertsona horien inguruko informazioa biltzen ahal dugu, nola dauden, zein premia dituzten… Nork daki, gero, horren bitartez, proiektu hau hobekiago planteatu edo bertze berri batzuk gauzatu. Osasunaren aldetik ere, osasun zentroko langileek azpimarratu dutenez, elikadurak garrantzi handia dauka gure ongizatean eta horrek ere bertze arazo batzuk hobetzen ditu edo arazoak dituztenak hobeki artatzen laguntzen du».
Ildo horretan sakonduz, Laura Apeztegiaren erranetan, «urtean behin bederen nahi dugu etxeetara bisita bat egin, eta horretan hasiko dira zahar etxeko gizarte langilea eta mankomunitateko bertze bat. Bertara joan eta galdetu zer moduz dauden, zer iruditzen zaion janaria… Bisita horietan bertze gauza batzuk ere ikusten ahal dira. Janaria banatzen dutenek ere ikusten ahal dute, ongi dagoen edo ez, laguntza behar duen, atea irekitzeko arazoak dituen… ez da beraien lana, baina momentu horretan ikusten dute eta laguntza handia da. Pista bat eman diezaiokegu osasun zentroari edo gizarte zerbitzuari, jarraipen bat egin ahal izateko».
Harrera ona
Aurkezpena egin eta segidan bazen jendea zerbitzua hartzen. «Herrian harrera ona izan zuen eta zerbitzua erabiltzen ez duen jendeak ere begi onez ikusi zuen», dio Satrustegik, «etorkizunean behar bat izaten ahal dutela ikusten dute, izaten ahal dugula denek ere, eta zerbait positiboa iruditzen zaie. Magala haur txokoan erran digutenez, janaria hagitz ona da eta familiak hagitz kontent daude aldaketarekin».
Bertze aldean, sukalde osasungarriaren kasuan, estigmatizazioaren beldurra ere egon daitekeela onartzen du Apeztegiak: «Osasun zentrotik zerbitzua erabiltzeko moduko bortz pertsonen berri eman zuten, baina horietatik bik ezezkoa erran zuten. Hor ezin duzu deus egin, ez badute nahi, ez… Baina beharbada ikusten badute jendea kontent dagoela zerbitzuarekin, urrats hori ematen ahal dute».
«Janaria emateaz gain, konfiantza lotura bat sortzen ahal da»
Alderantzizkoa ere gertatu zaiela diote alkateak eta Andra Mariko zuzendariak, «guri etorri izan zaigu gure adineko jendea, eskatuko luketela erranez, baina ez da hori kontua, egiatan beharra duen jendearengana ailegatu nahi dugu». Izan ere, Sukalde Osasungarriko zerbitzua baliatu ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira: «Lesakan erroldatua izatea eskatzen da, 65 urtetik goiti izatea eta mendekotasun graduren bateko balorazio ofiziala izatea edo 60 urtetik goiti eta %33tik goitiko ezintasuna edo desgaitasuna izatea edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan egotea, etxean egoera konplikaturen bat izatea… gizarte langileekin egon eta txosten bat egitea eskatzen zaie, justifikatzeko bati ematen zaiola eta bertzeari ez. Eskaerak osasun zentroan, gizarte zerbitzuan edo zahar etxean egiten dira eta kasuak banan-banan baloratzen dira», dio Laura Apeztegiak. Eta Ladis Satrustegik honakoa gaineratu du: «Beraien ongizateari begira, pertsona horiek ematen dizuten bueltako informazio horrekin egiten ahal dituzu bertze lanketa batzuk. Ez da zahar etxeko langileen lana, baina hemen bazen helburua, zahar etxeak, herriko etxeak, osasun zentroak eta gizarte langileek sare moduko bat osatzea, eta bat bertzearen arrimoan elkarlanean aritzea. Horretan ere sakondu beharko dugu, praktika horiek hobetzen eta komunikazioa hobetzen. Egia da zahar etxearen eta osasun zentroaren artean komunikazio estua badela, gizarte langileekin ere bai… herriko etxeak bertze arlo batzuetan ere egiten ditu bere lanak, baina hau komunikazio hori hobetzeko bertze plataforma bat da eta hemendik aitzinera egiten diren gauza guztiak ongietorriak izanen dira. Herritarren batekin kezka badugu, eta zerbitzu hau eskaintzea planteatu dugu beregana ailegatzeko modu bat bezala».
Lau hankako mahaia
Proiektu honetan, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Ladis Satrustegik eta «lau hankako mahaia» bezala definitu du. «Andra Mari egoitza publikoa da eta, azken finean, udalak erantzun beharra du eta horregatik, gure azpiegiturak jarri genituen zerbitzu honetarako. Baina, datuen babesagatik, guk ez dugu sartzerik jakiteko zein diren zerbitzua hartzen duten erabiltzaileak. Osasun zentroak eta gizarte langileek egiten dute balorazio bat, balorazio horretan sartzen baldin badira ematen zaie eta automatikoki funtzionatzen du. Herriko Etxearen funtzioa da horren kontrol bat eramatea, ongi dagoela konprobatu, inbertsio bat egin behar baldin bada egin. Kasu honetan, banaketarako kotxe bat erosi zen, labe industrial berezi bat erosi, janaria garraiatzeko polispanezko bandejak eta tuperrak erosi, sukaldaritzako pertsonala ere indartu dugu (gero egonkortu behar dugu)… Zahar Etxeak bere sukaldea bazuen eta horren arabera dimentsionatu da, sukalde oso bat zerotik muntatzea zailagoa izanen zen. Plater on bat egiteko osagaiak bagenituen eta koiuntura hori probestu dugu. Balorazioak egitea eta zerbitzua aitzinera eramatea profesionalen esku utzi dugu. Kiroldegiak eta osasun zentroak egindako Kirol Errezetarekin bagenuen praktika bat, zaintza mahaia ere osatzen ari da eta sare hori pixkanaka zabaltzen ari gara eta zaintzaren etorkizuna komunitarioagoa izatea lortzen ari gara».
«Zaintzaren etorkizuna komunitarioagoa nahi dugu. Hurrengo saltoa jantoki komunitarioa litzateke»
Etorkizunera begira anbiziotsuagoak
Zerbitzua asteburuetara ere zabaltzea, hogei lagunera ailegatzea, otordu bat izan ordez bi izatea… Horiek begibistan dituzte, baina Lesakako alkatearen ustez, «anbiziotsuagoak izan nahi badugu, Cedernako teknikaria ere begira ari da, ekoizleak bertakoak izatea, produktuak nondik erosten diren begiratzea… Baztango egoitzan edo Berako haur eskolan eta bertze sukalde batzuetan egiten den bezala, ekoizleekin bertako produktua erosteko urratsa eman dute. Egia da lan bat eskatzen duela eta horrekin ez dugu epe zehatz bat jarri, poliki-poliki joanen gara. Bertze salto bat izanen zen, etxera eramateaz gain, jendea honat etorri ahal izatea, jantoki komunitario moduko bat izatea. Etxeetan kuku bat egiten ahal diezu pertsona horiei, baina pertsona horiek igual ez dute bortz minutuko bisita batekin aski, bertze pertsonekin harremana izan behar dute, jende gehiagorekin denbora eman, bertze aktibitate eta lanketa batzuk egin, sozializatu… eta hori jantoki bateratu batean egiten ahal da. Baina zahar etxea goitiraino dago eta horretarako lekurik ez dago eta momentuan deskartatu genuen, baina etorkizunean aukera hori hor egonen da».
Ladis Satrustegik animatu nahi du jendea zerbitzua erabiltzera eta, aldi berean, «eskerrak eman proiektuan parte hartzen duten bertze eragileei, nolabait eguneroko erosotasunetik atera behar delako… horrek hasieran lan estra bat eskatu zien batzuei. Zaintzaren aldetik denak eman behar dugu zerbait, eta hau da oraingoz horretan egiten ahal dugun aportazio umila».
Ivan Riobo eta Katy Mihalcea, sukaldariak:
«Janaria goxo-goxoa dagoela erraten digute eta horrek asebetetzen gaitu»
Andra Mari egoitzako sukaldariek egokitu behar izan dute ikasturte honetan eskatu zaizkien zerbitzu berrietara. Katy Mihalceak eta Ivan Riobok aipatu digutenez, «aldaketa izan bada, azkenean egunero 35 bazkari gehiago dira, baina egia da poliki-poliki hasi ginela egokitzen… haur eskolakoa errazagoa da, bandejatan eramaten delako. Sukalde osasungarriko erabiltzaileei bakoitzari bere tuperrak eramaten zaizkio, lehenengo platera, bigarren platera, postrea… baina moldatzen gara». Lehen baino sukaldari bat gehiago ere ari da lanean eta baldintza hobeak dituzte, «bertzela ezinezkoa izanen litzateke». Beraiek prestatutako janariak harrera ona izaten duela eta kontent daude, «momentuz ez dugu kexarik, alderantziz, denek goxo-goxoa dagoela aipatu izan digute eta horrek asebetetzen gaitu». Riobok dioenez, «etxetara joaten garenean galdetzen diegu, eta orokorrean, gustura daudela erraten digute». Katy Mihalcea Lesakan bizi da eta «karrikan nabilenean gelditzen naute haur eskolako gurasoek eta erraten didate haurrak gustura daudela. Beti erraten diegu zerbait gustukoa ez badute edo aldatzea nahi badute, guri jakinarazteko. Adibidez, badugu pasta gustuko ez duen pertsona bat, orduan, pasta den egunean bertze zerbait jartzen diogu, zopa edo purea».
Hasiera batean haur eskolarako, adinekoen egoitzarako eta sukalde osasungarrirako otordu berdina prestatzen zuten, baina «orain aldatzen hasiak gara eta gaur, erraterako, bakoitzarentzat hiru lehenbiziko plater ezberdin prestatu behar izan ditugu, batzuetan eromena da. Beharrik labe berri handi bat ekarri diguten! Janari berdintsua beharko litzateke, baina beti ez da posible. Egoitzarako piper beteak egiten baditugu, hori ezin da haur eskolara ere eraman, haurrei ez zaielako gustatzen edo adinekoentzako sagar erreak egiten baditugu, haurrei sagar konpota egiten diegu, horrelako gauzak… Oinarri berdintsuekin aldaketatxo ttikiak egiten ditugu». Hiru “bezero” ezberdin izanagatik, ez dute elikadura aholkuak ematen dizkien nutrizionistarik edo aditurik, «gure esperientziagatik abiatzen gara», dio Riobok. «Hasieran, osasun arlotik, Ausolan enpresak gidatu gintuen eta ikasturte hasieran menuak aurkeztu zitzaizkien haur eskolakoei eta horrekin abiatu ginen». Hori bai, era anitzeko menuak dituzte, «barazkiak, lekaleak, haragia, arraina, fruta…, baina ez zaigu inor etortzen aholkua ematera, ‘hau astean hainbertze aldiz, eta bertze hau hainbatetan’. Haur Eskolan aldaketa ttikiak egin behar izaten dituzte, «sei hilabete dituztenean purea behar dute eta handitu ahala, igual barazkiak edo fruta puxka ttikietan egin behar zaie, hori egokituz joan behar izan dugu».
Jabier Etxegarai Oiarzabal, erabiltzailea:
«Hagitz janari ona prestatzen dute eta beti diferentea gainera»
Ama Andra Mari egoitzako egoiliarra du Jabier Etxegaraik eta egunero bisitan joaten zaio. Horrela jakin zuen sukalde osasungarria zerbitzuaren berri eta eguneroko erabiltzaile da. «Ama hemen dago oraingoz eta ni bakarrik nago etxean». Gustura dago astegunez eskaintzen dioten bazkari horrekin, «hagitz-hagitz janari ona prestatzen dute eta beti diferentea: lehenbiziko platera, bigarrena, postrea eta ogi puxka bat. Norberak etxera eraman ahal izatea ere komodidade handia da niretzat, etxeko janaria bezalakoa delako. Nik ez dut kexarik, batean pasta entsalada, bertzean barazkia, albondigak, oilaskoa… Lehengo egunean bertan postrerako lechefrita prestatu zuten eta erogarria zen, hagitz-hagitz ona eta errazio handia e! Katyk egina. Ez omen zuen inoiz egina, baina egun horretan egin zuen eta bikaina zegoen, “estaba delicioso”» aitortzen dio Katy Mihalcea sukaldariari. «Nik ez dut janaririk ateratzen nik aitzinetik probatu ez baldin badut», erantzuten dio honek. «Nire gustura ez badago, ez da ateratzen, zaporea gustukoa izan behar dut, hori da nire mania». Jabier Etxegaraik astelehenetik ortziralera Andra Mariko sukaldean prestatutako bazkaria jaten du, beraz, baina gustatuko litzaioke asteburuetan ere horretarako aukera izatea. «Bai bai, zerbitzu hori oraingoz ez da, baina noizbait hasten baldin bada, gustura hartuko dut asteburuetan ere! Afaria eskaintzea soberaxko izanen litzateke, bazkaria nahiko da, baina asteburuetako bazkaria ere posible balitz, bikain!» dio irriz. «Etxean bazkaldu ondotik, zahar etxetik eramandako ontziak garbitu, kajan altxatu eta biharamuneko bazkariarekin etortzen direnean, bueltatzen diet garraiolariei. Hagitz erosoa da eta hagitz gustura nago zerbitzu honekin. Hagitz merkea da gainera! Zahar etxean hartzen baldin badut zazpi euro eta etxera eramaten baldin badidate bederatzi euro, niri, normalean etxera eramaten didate. Nora zoaz prezio horretan bazkaltzera?».