Mendialdeko Etxebizitza Taldeak jakinarazi duenez, hiru pertsona etxegabetzeko arriskuan daude Beran. «Urte eta erdi inguru daramate maizterrek bertan bizitzen azpi errentamenduan, ahozko kontratu batekin eta apirilaren 30erako seinalatua da etxegabetze data».
METAk azaldu duenez errentatzailea Berako «ostatu ezagun bateko nagusia» da eta hiru maizterrak egoera irregularrean dauden atzerritarrak izanik, «haren ostatuan egon ziren lanean pasa den urtean, eta alokairua soldatatik kentzen zien».
Etxebizitza taldearen hitzetan, duela urtebete inguru lan harreman okertzen hasi zen, eta langileak lana uztera «behartuta» egon ziren. Lan harremana bukatu ondotik, maizterrek etxean segitu eta alokairua ordaintzen segitu nahi izan zutela adierazi du taldeak, baina errentariak «uko egin ziola» dirua hartzeari.
Horren ondotik, METAren arabera, errentatzaileak «hamaika presio bide» erabili ditu etxegabetzea gauzatzeko eta hiru maizterrak herritik botatzeko: «Errentaria legez kontrako etxegabetzea bere kabuz gauzatzen saiatu zen, argia eta gasa moztu zizkien eta langileek bertze lan bat lortzean, kontratu ez zitzaten interbenitu du atzerritarren kontrako diskurtso kriminalizatzailea hedatuz».
Gainera, «bere errelato faltsuan irentsi ez duten bertze tabernariak mehatxatu» dituela salatu du METAk eta «presio horiek emaitza eman ez dutela ikusirik, etxegabetze salaketa paratu zuela, gezurrez betetako errelato interesatu bat zabalduz».
METAk salatu du abusu bikoitza dela: «Errentatzaile eta nagusiak inpunitate osoz jokatu du haren maizter eta langile zirenen kontra, herrian langile atzerritarren kontrako diskurtso erreakzionario eta kriminalizatzaileak hedatzearekin batera». Gertatukoa «larria» da taldearen arabera eta «ezin da onartu»: «Ideia erreakzionario hauek konfrontatu eta klase elkartasuna ehuntzea dagokigu».
Horretarako agerraldia eginen dute larunbatean, apirilaren 11n, 12:00etan Toki Ona institutuko sarreran.