Kanttonberri karrikan elkartu ziren eta Basaurin eraildako emakumearen familiari, lagunei eta hurbilekoei babesa adierazi zieten. Basauriko hilketak matxistak indarkeria matxistaren aurpegi lazgarriena erakutsi duela salatu zuten: «Sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista kolonial honetan emakumeok* emakume* izate hutsagatik erailtzen gaituzte. Emakumeok* indarkeria matxista egunerokotasunean jasan behar izaten dugu, hainbat alor eta moldetan».
Horrelako ekintzetan gizonek erantzukizuna dutela oroitarazi zuten: «Egiturazko arazo honen sostengatzaileak zarete. Noiz bukatu behar duzue zuen arteko konplizitate eta isiltasunarekin?». Erakundeek ere zer egina dutela azaldu zuten: «Baliabideak beharrezkoak dira horrelako egoerak saihesteko eta gertatu aitzinetik neurriak hartzeko. Erabaki arduratsuak hartu behar dituzue benetako justizia feminista bat izan dezagun».
Feministak autodefentsa lantzen segituko dutela aldarrikatuz bukatu zuten elkarretaratzea: «Gure artean aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politika egiten. Egungo egoera irauli behar dugu denok aske bizi ahal izateko».