«Neure filtrorik gabeko bertsioa da '@psikolokaa'»

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 4a

Lesakakoa da Aitziber Iratzoki, Instagramen @psikolokaa. Sare sozialak lagun, bere errealitateaz mintzatu ohi da; errealitatea erromantizatzeko joeratik haratago, gordinagoa dena erakustearen aldeko apustua eginez. Hala, beretik beretako eta baita publikoarendako ere solastatzen dela kontatu du.

Nor da Aitziber?

Azken urteetan dezente aldatu den emakumea.

Aitziber eta Instagramen @psikolokaa ere bai. Biak bat dira?

@psikolokaa Aitziberren filtrorik gabeko bertsioa da. Kontraesana ematen duen arren, hagitzez errazagoa egiten zait Instagrameko kontuan filtrorik gabe hitz egitea bizi errealean baino.

Zer duzu maite?

Irakurtzea, musika aditzea, Ikatz nire zakurrarekin ibiltzea, lagunekin ateratzea...

Psikologia gradua akitu zenuen iaz... 

Lehenagotik lehen eta haur hezkuntza ikasketak eginak nituen eta horiek osatzeko gradu interesgarria iruditu zitzaidan. Horrez gain, garunaren funtzionamendua hobeki entenditu nahi nuen, erantzunak behar nituen.

Eta nola sortu zen @psikolokaa?

Azaroan ireki nuen kontua. Aste batzuk lehenago Instagrameko kontu pertsonaletik hasi nintzen hausnarketak partekatzen eta hor hasi zen dena. Gauza aunitzetaz solasteko gogoa nuen, eta @psikolokaa kontua irekitzea pausu bat haratago ematea izan zen, kontatu nahi nuen hori jende gehiagori kontatzea. 

Egun, zer bihurtu da zuretako?

Babesa: hor lasai hitz egiten dut, filtro eta beldurrik gabe. Normalean bizipen pertsonalak kontatzen ez direnez, eta ohituraturik ez gaudenez, batzuetan arraro sentitzen naiz, baina orokorrean ongi daramat eta anitz laguntzen dit, jarraitzaileei baino gehiago akaso. 

Errealitate gordinetaz mintzo zara maiz...

Gizartean hain presente dauden, baina paradojikoki oraindik tabu diren gaiak azaleratzeko helburuarekin. Perfekzio eta itxurakeriaz nazkatuta nengoelako erabaki nuen edukia gordinagoa izatea. 

Gizartean zein behar ikusten duzu?

Osasun mentalarekin loturan, lanketa falta nabari dut. Gizartea oraindik "ernatzen" ari da gai horretan.

Munduari zer eskatuko zenioke?

Enpatia, hausnarketa eta introspekzio gehiago.

Helbururik baduzu aurtengo?

Egunerokotasuneko antsietate maila jaistea.

Eta epe luzeagora?

Zaila egiten zait luzera begiratzea. Halere, lan egonkorra aurkitu, harreman sanoak mantendu eta neure buruarekiko exigentzia maila jaitsi nahiko nituzke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun