Gipuzkoako pilota egokituko zirkuituko finala jokatuko du Joseba Lasa lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 6a

Apirilaren 12ko finaletan izanen diren pilotarietako batzuk. Eskuinetik hasita lehena, Joseba Lasa lesakarra. Argazkia: Gotzon Aranburu

Euskal Pilota Egokitua Zirkuituaren parte den Gipuzkoako Irekiko finalak apirilaren 12an jokatuko dituzte Zumarragako Beloki pilotalekuan. Gurpildun aulkiarekin jokatzen den paleta gomako txapelketaren finalerako txartela eskuratu dute Joseba Lasa lesakarrak eta Bizkaiko txapelketan txapeldun suertatu zen Edorta de Antak. Aingeru Senperenaren eta Beñat Lizasoren kontra jokatuko dute.

Gurpildun aulkidunen paleta gomako txapelketako finalean Edorta de Antarekin bikote eginen du lesakarrak eta Aingeru Senperena eta Beñat Lizaso arerio

Kirol egokituen artean, indarra hartzen ari den kirola da euskal pilota, txapelketa hauek kirolari eredugarri hauei ikusgarritasuna ematen hasi zirenetik gero eta gehiago dira pilota probatu, gustatu eta kirol honi kateatuta geratzen direnak eta hala, Beloki pilotalekuan jokatuko diren finalek berritasun handi bat izanen dute, adimen urritasun dutenen artean lehen eta bigarren mailako finalak izanen baitituzte. Iker Amarika, zirkuituaren arduradunaren erranetan, «inoiz baino parte-hartze handiagoa izan dugu, bai urritasun fisiko mailan, baina, batez ere, adimen urritasun mailan, eta honek bi maila ezartzera eraman gaitu, hastapenekoa eta orain artekoa».

Honela, adimen urritasuneko hastapen mailan Unai Dios-Daniel Calviño eta Joel Garcia-Tanya Fernandez izanen dira maila honetako palmaresa estreinatzeko aukera izanen dutenak. Maila nagusian Lander Ortega-Eneko Sagarmendi eta Hodei Asteasu-Xabat Askasibar ariko dira elkarren aurka.

Gipuzkoako Pilota Egokituko finalak ETB-1ek zuzenean emanen ditu, baita streaming bidez bere plataforma berrietan ere. Finalistez gain, apirilaren 1ean egindako aurkezpenean Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko Amaia Elizondo eta Mikel Merino ere izan ziren.




Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun