Lizarietako ingurumenaren eta hegazti migratzaileen interpretazio zentroa Aste Santurako irekiko da

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 31

Etxalarko Herriko Etxeko eta Etxalarko Usazaleak elkarteko ordezkariak zentroaren atarian, kudeaketarako hitzarmena sinatu ondotik.

Zabalik da dagoeneko Lizarietako Ingurumenaren eta hegazti migratzaileen interpretazio zentroa. Etxalarko Udalak eta Etxalarko Usazaleen Elkarteak berriki sinatu dute lankidetza-hitzarmena Lizarietako interpretazio zentroaren kudeaketaren inguruan; hori dela eta, zentroa laster irekiko da, Etxalarko Usazaleen Elkartearen eskutik. Aste Santuan (2026ko apirilaren 2tik 6ra) egunero izanen da zentroa bisitatzeko aukera, 10:00etatik 13:00etara.

Etxalarko Herriko Etxeak eta Etxalarko Usazaleen Elkarteak berriki sinatu dute bere kudeaketarako lankidetza hitzarmena

Aste Santuko egunak pasata, aste hondarretan egonen da zabalik. Joan den abenduko inaugurazio ekitaldian ezagutu ahal izan zenez, Lizarietako jardueren berri emanen da bertan, lau buruz osatutako agertokian: Natura, Kultura, Hegaztiak eta Usategiak.

Ikus-entzunezkoen, argazkien eta bertzelakoen bidez horiek hobe ezagutzeko aukera eskaintzen da. Horrez gain, inguruan ekoiztutako produktuak eta herriko oroigarriak erosi ahal izanen dira. Interpretazio zentroko sarrera doakoa izanen da; horregatik animatzen dira herritarrak zein bisitariak, Lizarietako parajeaz gozatu bidenabar, gune berri hori bisitatzera. Nahiz oraindik ordutegirik ez den zehaztu, bisita gidatuak ere eskainiko dituzte, erreserba eginez. Hainbat jarduera antolatzea aurreikusten da, Lizarietako lepoa animatzeko helburuarekin. Etxalartik bezala, Sara eta Bera aldetik ere jende andana hurbiltzen baita, Etxalarko Usazaleen Elkarteak bere ekarpena egin nahi du elkargune horrek merezi duen eskaintza osatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun