Aparkalekutik abiatu zen Korrika Ttikia, eta 23 talde eta eragileren eskuetan ibili zen lekukoa: Arantza Bizirik, zerbitzuak, 5. maila, dantzariak, institutukoak, gazte asanblada, guraso elkartea, ehiztariak, DBH 1 eta 2, 6. maila, senideak, Ekaitza Elkartea, udala, 3. eta 4. mailak, 1. eta 2. mailak, Haur Hezkuntza, feministak, musikariak, kooperatiba, jubiloteka, irakurle taldea, Pelle Ttiki eta Uskarantza. Kattin Madariagak eta Saioa Etxegaraik egin zituzten esatari lanak, eta haien erranei kasu eginez, musika lagun, lasterkariek hiru kilometro pasatuxeko buelta osatu zuten.
Plazan eman zioten akabaila euskararen aldeko lasterketari. Han taldeetako ordezkariek euskararen aldeko mezuak leitu zituzten. Konparazio batera, Uskarantzak euskaraz solasean segitzeko deia egin zuen: «Euskara gara. Eta Euskaraz gara. Guk biziarazten dugu euskara. Ibiltzen dugun aldiro, hartu eta ematen dugun aldiro. Euskara baita partekatzeko dugun baliorik handiena, gure ondorengoei emateko dugun baliorik handiena edo gure artera etorri diren eta oraindik euskararik ez dutenei eskaintzeko dugun baliorik handiena. Mundua ikusteko modu bat ematen diguna. Denentzako tokia dago hemen, euskaran. Hartu eta emanez gara euskara. Lanean, karrikan, mendian, jostetan…». Gehiago ere erran zuen: «Arantzan euskarak arnasa hartzen du. Gure ardura da euskara indartsu mantentzea. Guk hartu dugun bezala bertzeei ematea. Hori dugu Euskal Herriari eskaintzeko. Euskara bizi dadin, Arantza gisako herrietan osasuntsu behar dugu euskara».
Bukatzeko, guraso elkarteak berendua eskaini zuen.