'Sustraiak, raices perdidas' dokumentalaren emanaldia izanen da asteazkenean Beran

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 30a

Dokumentala asteazkenean izanen da, 18:30ean Berako Kultur Etxean eta migratu duten hiru gazteren historia biltzen du. 

Honakoa da dokumentalaren sinopsia: Hiba, Bachir eta Manan dira istorioaren protagonistak, haurrak zirela beren herrialdeetatik migratu zuten hiru gazte, eta heldurik gabe iritsi ziren Europara. Hemen eskalada eta mendia aurkitu dituzte, beren arazoak ahazten dituzten, aske sentitzen diren eta edozertarako gai sentitzen diren lekua. Baina haien bideak apurka-apurka bereizten hasiko dira.

Dokumentala euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz izanen da, eta gaztelaniazko azpitituluak izanen ditu. Gainera, dokumentaleko protagonistetako bat, Bachir, Beran izanen da, eta dokumentala eman ondotik solasaldia eginen dute berekin. 

Arratsaldean izanen da emanaldi irekia, baina aitzinetik, goizean, Toki Ona institutuko bigarren zikloko ikasleek ikusiko dute dokumentala. Dokumentala ikustearekin batera, Transpirenaica Social Solidaria ekimeneko Patxi San Juanen hitzaldia ere izanen dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun