Apirilean urtea beteko da Bidasoa Ospitaleko larrialdietako pediatria zerbitzua itxi zutenetik. Geroztik, larrialdi kasuren bat izanez gero, Bortzirietako, Irungo eta Hondarribiko adingabeek Donostiako Unibertsitate Ospitalea dute hurbilen. Egoerarekin kezkatuta sortu zuten Bidasoko Larrialdi Pediatrikoak taldea, eta behin baino gehiagotan eskatu dute zerbitzua berriz martxan paratzeko. Eta argi dute: «Zerbitzua berrezarri arte ez gara geldituko». Larunbatean, hilaren 28an, elkarretaratzea eginen dute ospitalean, eta maiatzean manifestazioa egin nahi dute. Bortzirietako udal ordezkarien atea ere jo dute, eta Bortzirietako herritar guziei egoeraren berri eman nahi diete. Horren harira aritu dira Marixa Gutierrez, Iraia Uranga eta Tania Conejero.
Bidasoa Ospitalean, 36 urtez, Irungo, Hondarribiko eta Bortzirietako 360.000 larrialdi pediatriko baino gehiago artatu dituzte. Baina, orain, 20.000 adingabe zerbitzu hori gabe gelditu direla salatu duzue... Zein izan dira ondorioak?
Lehenbiziko ondorioa haurrak ez dituztela Bidasoa Ospitaleko larrialdietan artatzen da. Larrialdi kasuren bat izanez gero, Donostiako ospitalera joan behar da, eta haur bat bidean hiltzen bada, noren ardura izanen da? Joan-etorri luze horietan istripuren bat pasatzen bada?
«Larrialdi kasuren bat izanez gero, Donostiako ospitalera joan behar da, eta haur bat bidean hiltzen bada, noren ardura izanen da?»
Zein izan ziren zerbitzua kentzeko eman zituzten arrazoiak?
Ez zuten arrazoirik eman; abisatu gabe itxi zuten. Ondotik, erreklamazioak egin zituzten, eta, argudio gisa, ez zegoela ez erditze zerbitzurik eta ez pediatriako larrialdietarako langilerik erran zuten. Bidasoa Ospitalean 36 urte hauetan ez da inoiz erditze zerbitzurik izan. Horrez gain, inguruko auzoetako haurrak artatzeko lehen arretako pediatriako kontsulta ere bertan izaten zen, eta hori ere kendu zuten.
Hainbat mobilizazio egin dituzue; iazko maiatzean, adibidez, manifestazioa. Ze asmo dituzue?
Hilabetero erakundeetan erreklamazioak egiten saiatzen gara. Ekainean, adibidez, Eusko Legebiltzarrean izan ginen; abenduan Irungo Udaletxean izan ginen eta osoko bilkuran aurkeztutako mozio bidez, erreklamatzen genuena onartu zuten. Urtarrilean Hondarribiko Udalak ere mozioa onartu zuen. Martxoan Bortzirietan izan gara eta udal ordezkariekin lehenbiziko hartu-emana izan dugu. Egia erran, hagitz konprometituak agertu dira eta haiekin bilera gehiago egitea espero dugu. Horrez gain, anbulatorioetako kontzentrazioez gain, larunbat honetan, hilaren 28an, 18:00etan ospitalean elkarretaratzea eginen dugu. Apirilerako ere baditugu planak eta maiatzean manifestazio bat egin nahi dugu. Zerbitzua berrezarri arte, ez gara geldituko. Gainera, haurrek medikurik gabeko egoera nolakoa den marraztu dezaten kanpaina bat paratu dugu martxan eta guziekin erakusketa bat egin nahi dugu jendea sentsibilizatzeko.
Zer eskatuko zeniekete Osakidetzari eta Bidasoa Ospitaleko zuzendaritzari?
Bidasoko ospitalean pediatriako larrialdi zerbitzua berriz irekitzeko, 36 urtez izan den zerbitzua baita. Funtzionatzen zuen eta kendu egin dute, horren partez deus paratu gabe.
«Haurren bizitzekin jostetan ari dira eta gure etorkizuna dira»
Eta administrazioei?
Gauza bera; osasunarekin ez dela jostetan ari behar.
Herritarrei ze erranen zeniekete?
Gure kezkarik handiena ospitalera bidean haur bat hil ahal izatea da. Bortzirietako biztanle guziek zerbitzua ez dagoela eskura eta Donostiara jo behar dutela jakitea nahi dugu. Antolatutako elkarretaratze eta ekintza guzietara gonbidatuak daude. Marrazkiekin parte hartu nahi izanez gero, edota Donostiaraino joan behar izan badute eta era anonimoan testigantza gurekin partekatu nahi badute, gure sare sozialetara jotzen ahal dute. Osasun zerbitzu publiko duina eskatu behar dugu. Haurren bizitzekin jostetan ari dira eta gure etorkizuna dira.