Nafarroako Gobernuak 57.525,30 euroko dirulaguntza eman dio Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateari

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 29a

Hartutako dirua bertzeak bertze hondakinen prebentzioari buruzko sentsibilizazio kanpaina egiteko, materia organikoaren eta ontzi arinen bereizketa eta birziklapena hobetzeko kanpainarako eta formazio eta sentsibilizaziorako bideratuko dute. 

Gaur egun 30 euroko kanona ordaintzen dute Nafarroako Hondakinen Mankomunitateek zabortegira botatzen den etxeko hondakinen tona bakoitzeko. Kanon hori batez ere errefuxa edukiontzian bildutako hondakin nahasietatik dator, eta hiru hilean behin ordaindu behar dute mankomunitateek. 

Kanon horren bidez bildutako diruarekin, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak hondakinen funtsa elikatzen du. Funts hori, gero, mankomunitateentzako dirulaguntza deialdi bat egiteko erabiltzen da. 

Bada 2025ean, Bortzirietako Mankomunitateak proiektu bat aurkeztu zuen eta  57.525,30 euroko dirulaguntza hartu du Etxekoen Urteko Fluxuan eta ondoko ekintza hauek garatuko ditu:

  • Materia organikoari akonpainamendua.
  • Hondakinen prebentzioari buruzko sentsibilizazio kanpaina:Baxera berrerabilgarria eta ekitaldi jasangarriak.
  • Materia organikoaren eta ontzi arinen bereizketa eta birziklapena hobetzeko kanpaina: etxez etxeko kanpaina, poltsa horiak banatzea, edukiontzi horietarako itsasgarri berriak diseinatu eta inprimatzea, informazio-gutuna bidaltzea, iragarkiak Xorroxin Irratian...
  • Traste handien kudeaketa egokia egiteko kanpaina.
  • Formazioa, informazioa eta sentsibilizazioa web-orriaren eta sare sozialen bidez.
  • Formazioa, informazioa eta sentsibilizazioa mankomunitatearen egutegiaren bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun