Autokarabanentzako gune berria martxan paratu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 27a

Autokarabanentzako gune berria martxan jarri du Lesakako Udalak, bisitariei atseden hartzeko eta gaua pasatzeko espazio egoki eta erosoa eskainiz herri sarreran, Otsango industrialdearen eta Landazelaietaren artean. Guneak hamar plaza ditu, eta erabiltzaileentzako oinarrizko zerbitzuak eskaintzen ditu: ur edangarria, ur gris eta beltzak husteko puntua eta argindarra. Horrez gain, mahaiekin hornitutako atseden gune bat ere badu, bisitariek ingurua lasai gozatzeko aukera izan dezaten.

Otsango industrialdearen eta Landazelaietaren artean dagoen guneak hamar plaza ditu eta oinarrizko zerbitzua eskaintzen ditu

Sarbidea automatizatua da, eta erabiltzaileek online erreserba eta ordainketa egiteko aukera dute. Eguneko prezioa hamar eurokoa da. Gainera, guneak bideozaintza sistema eta gaueko argiztapena ditu, segurtasuna bermatzeko. Proiektu honen bidez, Lesakak bisitariei harrera egiteko aukera berriak eskaintzen ditu, bere eskaintza turistikoa osatuz. Herrigunera oinez bortz minutu bertzerik ez direla ere azpimarratzen dute.

Erreserbak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun