Uskarantza Arantzako Euskara Taldeak antolatuta, Euskara gara lelopean, Korrika Ttikia eginen dute bihar, ortziralea, Arantzan. 16:30ean aparkalekuan hasiko da, eta plazan bukatu.
Haur, gazte eta heldu, denek izanen dute Korrika Ttikian euren zatitxoa. Zehazki, 23 talde eta eragile hauen eskuetan ibiliko da lekukoa: Arantza Bizirik, zerbitzuak, 5. maila, dantzariak, institutukoak, gazte asanblada, guraso elkartea, ehiztariak, DBH 1 eta 2, 6. maila, senideak, Ekaitza Elkartea, udala, 3. eta 4. mailak, 1. eta 2. mailak, Haur Hezkuntza, feministak, musikariak, kooperatiba, jubiloteka, irakurle taldea, Pelle Ttiki eta Uskarantza.
Ibilbideari dagokionez, aparkalekutik abiatu, eta Goiko Karrikan barna, Goienburu aldera joan beharko dute. Handik Azkilarrea aldera hartuko dute, eta Larrainenborda pasatuta, deposituko bidegurutzean barna, Bordalarreko bidea hartuko dute. Ondotik, Miakan beheiti herrira jautsiko dira, eta Txintxobaitatik, Urdinbaitatik eta Goiko Karrikatik pasatuta, Larretara abiatuko dira. Han buelta hartuta, eliza aitzinetik plazara ailegatuko dira lasterkariak.
Korrika Ttikia bukatutakoan, guraso elkarteak berendua emanen du plazan.