Martxoaren 27an, ortziralean, 18:00etan eginen dute aurkezpena Lesakako herriko etxeko batzar aretoan
Energia berriztagarrien bitartez Lesakako trantsizio energetikoan ekarpen eraginkorra egitea du helburu Ekhiten kooperatibak, betiere tokiko kontsumoa eta komunitatearen partaidetza oinarri hartuta. Joan den urteko maiatzaren 5ean sortu zen. Lesakako energia komunitate berri honek herritarren eskuetan paratuko du energia berriztagarriaren sorkuntza eta kudeaketa, jasangarritasuna eta autokudeaketa sustatuz. Proiektu honek, energia burujabetzaren eta ingurumenaren aldeko konpromisoa sendotzeaz gain, komunitatearen elkarlana eta parte hartzea bultzatu nahi ditu.