Familian «odolean» dute musika, eta «belaun operazio baten ondotik» hasi zen DJ lanetan; «ohatzean zer egin ez nekiela, informazio bila hasi nintzen. Muletekin batera erabili nituen lehenbizikoz DJ platerak!».
Gaur egun «mota guzietako ekitaldiak» girotzen ditu; «herriko bestak, inauteak, kinto bestak, aurkezpenak, jaunartzeak eta batez ere ezkontzak. Normalean Gipuzkoan eta Nafarroan aritzen naiz, baina azken urteetan Bizkaian, Errioxan eta Frantzia aldean ere ibiltzen naiz». Horretarako musika eta argiztapen ekipo propioak ditu, «ekitaldiaren arabera ekipo desberdina eramaten dut, aukera ederra dut».
Ezkontza guzietarako prest
Esperientzia zabala du ezkontzetan eta argi du; «gero eta gehiago prestatu, hobe aterako da seguru. Ez dira bi ekitaldi berdin izaten eta hagitz inportantea da lehenagotik informatzea». Gainera, azken 2-3 urteetan «ezkontzak aldatzen ari direla» dio, «protokoloak desberdinak dira eta polita da gauza berriak sartzea. Adibidez, tarta mozketa egin beharrean, batzuk bingo musikala egiten dute».
Bezeroarekin lan egiteko, «lehenbiziko kontaktua telefonoz izaten da, gainetik solastatzeko inongo konpromisorik gabe. Neure burua aurkeztu eta prozesu guzia azaltzen diet; ahalik eta gehien laguntzea gustatzen zait, bai musikan baita bertze ataletako aholkularitzan ere. Ezkontzaren aitzinetik behar diren guzietan gelditzen gara, eta hilabete bat lehenago dena prest izaten dut, bikoteari lasaitasuna emateko». Egunean ere «hasieratik jendea ezagutzea gustatzen zait, gero eta tratu hurbilagoa, orduan eta lasaitasun handiagoa».
Musika «beharrezkoa da ezkontza guzietan. Ongi jan bai, baina gero giro onik ez bada, gaizki goaz!». Horrez gain, «animazioa ere hagitz inportantea da, mikrofonoa egun guzian erabiltzen dut informazioa emateko eta animatzeko». Kantaren aukeraketa bezain inportantea da momentu egokian paratzea, «koktelean, tarta moztean… eta horretarako aitzinetik dena solastatua eta prestatua izaten dugu».
Hala ere, «ekitaldi guziak desberdinak dira, bikotea eta gonbidatuak ere, beraz, musika ere diferentea eta pertsonalizatua da. Ez da berdina ezkontza bat Baztan-Bidasoan edo Donostia aldean. Baina 19 urtetan ederki prestatzeko denbora eman dit eta ez diot beldurrik ezerri! Duela urte batzuk, adibidez, Hernaniko neska bat eta guardia zibil bat ezkondu ziren. A ze kultura eta musika diferenteak, ezta? Baina etxeko lanak ongi eginak ziren eta primerako eguna pasatu genuen».
Azkenik, «zuen egun inportantean laguntzea nahi baduzue, beldurrik gabe sare sozialetan begiratu, deitu eta galdetu konpromisorik gabe. Eta nola ez, eskerrik asko urte hauetan guzietan nitaz oroitu zaretenei. Zuei esker han eta hemen ibili naiz 19 urtez eta horrelaxe segitzen dut, nork daki noiz arte!».