«Etorkizun hurbilean urpekari gisa ari nahiko nuke lanean»

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 21a

Amaiur Goñi Elortza beraratarra urpekari izateko ikasten ari da Pasaian.

Amaiur GOÑI ELORTZA, Berako gaztea

Hogei urte ditu Amaiur Goñi Elortza beratarrak, eta urpekari izateko ikasketak bukatzen ari da Pasaiako Blas de Lezo ikastetxean.

«Batxilergoa bukatu nuenean ez nuen garbi zer egin nahi nuen zehazki. Unibertsitatean sentitzen nuen aspertu eginen nintzela, eta ez dakit nolatan deskubritu nuen ikasketa hauek zeudela Pasaian». Ate irekien jardunaldietara joan zen, eta han erabaki zuen urpekaritza ikasketak hastea: «Inoiz urpekaritzarik egin gabe hasi nintzen urpekari izateko ikasten». Urpekaritzak orain arte deskubritu gabeko mundu baterako sarbidea eman dio, eta afizio handitzat du orain. 

Duela urte eta erdi hasi zen ikasketak egiten, eta praktika aldia bakarrik falta zaio bukatzeko. Ur azpiko mundua duela gutti deskubritu badu ere, «etorkizun laburrean bertan ari nahiko nuke lanean», kontatu du. Urpekaritzan bi modalitate daudela dio: «Aisialdikoa edo kiroletakoa da bat eta urpekaritza profesionala eta komertziala bertzea». Amaiurrek argi du non aritu nahi duen etorkizunean lanean: profesionalean. «Egia da urte luzez aritzeko, urpekaritza profesionalak desgaste fisiko handia sortzen duela, eta epe luzera ez dut neure burua horretan ikusten. Baina orain gaztea naiz, eta gogoa eta indarra baditut».

«Aisialdian nahiago dut urpekaritza itsasoan egin»

Ikasketekin hasi zenean sartu zen lehendabizikoz urpekari arroparekin uretan. «Lehendabiziko astean oinarrizko kontzeptuak ikasi genituen igerilekuan, eta lehenengo irteera itsasoa Getarian egin nuen». Lehendabiziko aldia zehazki zein zen gogoan ez badu ere, sentsazio berri bat bizi izan zuela oroitzen da: «Lasai sentitzen zara, ez nuke jakinen nola deskribatu sentitu nuena. Zerbait berezia da; mundu guztiari gomendatuko nioke egitea bizitzan behin bakarrik bada ere». 

Lehen pausoak

Gaur egun dagoeneko ohitu da ur azpian ibiltzera: «Bi urtetan pixkanaka aurrerapausoak ematen joan naiz eta horretarako prestakuntza progresiboa izaten da», kontatu du. «Ikasketekin hasi nintzenean hasieran aisialdiko urpekaritza egiten hasi ginen, botilarekin». Esperientzia lortu ahala, lehendabiziko kurtso bukaeran eta bigarren mailan, urpekaritza profesionalean murgildu dira klasean: «Eskafandra izeneko kasko bat erabiltzen dugu, eta lurretik konpresore bidez bidatzen digute airea kaskora. Oinarrizko kontzeptuak ikasita, orain ur azpian mozketak, soldadurak eta bertzelako lanak egiten ikasi dugu».

Amaiur Goñi uretarako sartzeko arroparekin prest.

Itsasoaren sekretuak

Urarekin lotutako diziplina da urpekaritza eta nahiz eta ia denek itsasoarekin lotu, ez da itsasoan bakarrik egiten. Berak, duela urtebete egin zuen lehenengoz urtegi batean: «Pirinioetan egin genuen Sallent de Gallego inguruan eta hori izan da egin dudan aldi bakarra. Apirila zenez, neguan urtutako elur guztiarekin ura ia hormatua zegoen». Ur hotza egoteaz gain, urtegian ez da ia deus ikusten eta gutxieneko maila bat behar da bertan ibiltzeko. Horregatik argi dio: «Aisialdirako mila aldiz nahiago dut urpekaritza itsasoan egin, eta jendeak ere nahiago izaten du!».

«Aduanan elkartzen gara musika jotzeko»

Paisaia diferentea da itsaso barrenekoa, eta orain arte ikusitako ekosistemen artean bat aukeratzerakoan Gironako kostako Medes irlak aukeratu ditu: «Iazko udan lagun batekin hiru astez aritu nintzen han lanean aisialdiko urpekaritza gida bezala. Erreserba naturala da, eta ikusgarritasun hagitz ona duzu, hagitz leku polita da!». Ez da orain arte ikusitakoarekin bakarrik konformatzen: «Aisialdiko urpekaritzan marrazoekin eta baleekin egin nahi nuke igeri eta urpekaritza profesionalean petrolio planta batean lan egin nahiko nuke ikusteko ur azpian nola dagoen eraikia eta zer lan egiten den bertan».

Musika doinuak

Urpekaritza bai, baina kirola eta musika ere egunerokoan inportanteak dira Amaiurrentzat. Gure Txokoan aritzen da futbolean, eta musikan Elutxa txarangan eta Berako Musika Bandan: «Kuadrillan bagaude musikari batzuk, eta batzuetan Lizuniagako Aduanan elkartzen gara denbora pasatzeko eta lagun artean musika jotzeko».

Bidaiatzea ere maite du eta mundua ikusteko eta deskubritzeko gogoz dago: «Turista gisa edo lanera joan nahiko nuke bertze herrialde batzuetara». Joan bai, baina argi dio itzultzeko izanen dela: «Beran aski gustura bizi naiz». Suhiltzaile izatea, horixe du amets: «Baina orain bertan ez dut horretan hasi nahi, lasai ibili nahi dut, eta etorkizunean ikusiko dut zer egin!». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun