Baztan-Bidasoko XXXIX. Bertsopaper Lehiaketa martxan da

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 18a

Iazko saridunak sari banaketa ekitaldian.

Bertsoak apirilaren 27tik maiatzaren 4ra arte aurkezten ahal dira. Sari banaketa maiatzaren 22an eginen dute

39. aldiz Baztan-Bidasoko Bertsopaper Lehiaketa antolatu du Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak.

Baztan-Bidasoan bizi diren herritarrek parte hartzen ahal dute lehiaketan. Euskarazko, jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketa batean saritu ez diren bertsoak onartuko dira bakarrik, eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria. 

Parte hartzaileak lau kategoriatan banatuko dira. 

  • A kategoria: 2015ean edo ondotik jaiotako haurrek parte hartuko dute eta guttienez bertso bat edo bi kopla osatu beharko dituzte. Lehendabizikoak trofeoa eta 50 euro hartuko ditu saritzat eta bigarrenak trofeoa eta 30 euro. 
  • B kategoria: 2012tik 2014ra sortutako gazteak sarituko dira eta guttienez bi bertso edo lau kopla egin beharko dituzte. Lehendabiziko sailkatuak trofeoa eta 100 euro hartuko ditu eta bigarrenak trofeoa eta 70 euro. 
  • C kategoria: 2008tik 2011ra jaiotako gazteak sarituko dira eta guttienez lau bertso egin beharko dituzte. 150 euro eta trofeoa hartuko ditu lehenbizikoak eta bigarrenak 120 euro eta trofeoa. 
  • D kategoria: 2007an edo lehenago sortutakoek hartuko dute parte eta guttienez zortzi bertso egin beharko dituzte.  Irabazleak 200 euro eta trofeoa lortuko ditu eta bigarrenak 150 euro eta trofeoa.

Nora eta nola bidali lanak?

Lanak apirilaren 27tik maiatzaren 4ra arte bidali beharko dira paperean Berako Herriko Etxera edota emailez kultura@bera.eus helbidera. Esteka honetan irakurri daiteke nola bidali bertsoak.

Epaimahaia Bortzirietako Bertso Eskolak izendatuko du, eta ezin izanen da erabakia gibelera bota. Gainera, epaimahaiak sariak hutsik uzten ahalko ditu, eta aipamen bereziak eman. Sari banaketa maiatzaren 22an eginen dute, 18:30ean Berako Kultur Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun