Frontoiaren aterpean egin behar izan dute Lesakako Tantirudantza jaialdia

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 16a

Tantirumairu Euskal Folklore taldeak antolatutako Tantirudantza jaialdia euripean ospatu behar izan dute Lesakan larunbat honetan. Horregatik, aterpea bilatu eta jaialdi osoa udal pilotalekuan egin behar izan dute, karrikaz karrikako ibilaldirik eta Onin errekaren inguruko Zubigainekorik gabe. Lesakako Tantirumairu dantza taldekoekin batera, Oiartzungo Haurtzaro, Tolosako Udaberri eta Astigarragako Astigar taldeetako dantzari ttikiak izan dira Lesakan. Bazkalondoan Gora kopak haurrentzako ikuskizuna izan zuten.

II. Ernatu udaberriko dantza zikloa

Joan den urtean bezala, Tantirudantza jaialdia Ernatu udaberriko dantza zikloarekin lotu dute Lesakan. Tantirudantza jaialdiaren ondotik, hurrengo asteburuan hiru hitzordu izanen dira.

Martxoaren 20an, Elirale konpainiaren Bota dantza ikuskizunaren entsegu irekia eginen dute, ortziralean 17:00etan, Harriondoa kultur etxeko atarian.

Martxoaren 21ean eta 22an, berriz, larunbatean eta igandean, Sendaberri Zirkuituko bi emanaldi izanen dira Harriondoa Kultur Etxean. Qabalum dantza taldearen Zarata hori guztia lana ikusgai izanen da martxoaren 21ean, larunbatean 19:00etan eta La Banda Teatro Circoren Nuur ikuskizuna martxoaren 22an, igandean 18:00etan.

Apirilaren 2an, Led Silhouette taldearen azken lana, Ultimatum, ikusgai izanen da Harriondoan, igandean 19:00etan. Ernatu udaberriko dantza zikloa bukatzeko, Tantirudantza helduen emanaldia izanen da apirilaren 18an, larunbatean 18:00etan Plaza Zaharrean. Tantirumairu euskal folklore taldeko dantzariekin batera, Errenteriako Ereintza eta Azpeitiko eta Azkoitiko Sahatsa dantza taldetakoek ere dantzatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun