Turismo lanetan aritzeko langile bat kontratatzeko deialdia egin du berriz ere Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 12a

Iaz eraberritu zuten bulegoa Beran. Aurten apirilean hasi eta iraila bukaera arte lanean ariko den langile baten bila ari dira.

Berako Udalak aldi baterako langile bat kontratatu nahi du oposizio bidez herrian turismo plana garatzeko eta bisitariei harrera egiteko

Otsailean argitaratu zuen deialdia lehendabizikoz Berako Udalak, baina hautagairik aurkeztu ez dela eta, berriz ere egin du deialdia. Izangaiek martxoaren 25era arteko epea izanen dute dokumentazioa aurkezteko. 

Sei hilabeteko kontratua izanen da aukeratutako izangaiak, apirilaren hasieratik irailaren bukaerara arte.  Bere egitekoa Berako turismo plana garatzea izanen da turismo enpresekin eta udalarekin koordinatuta. Gainera, turisten harrera, turismoa sustatzeko eta dinamizatzeko lanak, bertze turismo bulegoekin koordinatzea, eta udaleko web orria eguneratzea izanen dira bertzeak bertze bere lanak.

Izangaiek lan gabe egon beharko dute, eta lan eskatzaile gisa inskribaturik Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren menpeko enplegu agentziaren batean eta dagokion zundaketan sartuta. Euskarazko C1 maila edo baliokidea izan beharko dute, eta baita turismoari lotutako ikasketak ere. Kontuan hartuko dute atzerriko hizkuntzak jakitea. 

Izangaiek beren hautagaitzak martxoaren 25eko 13:30ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte Berako Udalean, edo erregistro elektronikoan egun bereko 23:59ak arte.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, onartutako eta baztertutako zerrenda eginen dute, eta ondotik idatzizko azterketa eta proba praktikoa eginen dituzte, biak euskaraz. 

Deialdiaren oinarriak hemen irakurri daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun