Beti Gaztek antolatu duen 14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela duen proba 10:00etan abiatuko da
Ohi bezala, igandean 10:00etan abiatuko da lasterketa plazatik eta 14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela duen ohiko ibilbidea prestatu du Beti Gaztek. Frain (455 metro) eta Unanue (650 metro) igo beharko dituzte berriz ere plazan helmugaratu baino lehen. Dortsalak lasterketa bezperan hartzeko modua izanen dute, baita egunean berean ere.
Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituko Koparako baliagarria
Lasterketa Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioaren babesarekin antolatzen du Beti Gaztek, eta Lesakako Mendi Lasterketak puntuak emanen ditu Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituko Koparako, federazioak berak antolatutako txapelketaren barrenean.
Arantza Hotelaren sari berezia errekorra hobetzen dutenentzat
Babesleei dagokienez, Sasoi da lasterketaren babesle nagusia. Horrez gain, Lesakako eta inguruko hainbat enpresa eta komertziok ere ekitaldia babesten dute. Horien artean, Martiko, Lacturale, Alco, Gora Sportwear eta Lesakako Udalaren laguntza izan dute. Gainera, Arantza Hotelak, lasterketaren babesleetako batek, sari berezi bat emanen dio lasterketako errekorra hobetzen duen korrikalariari, emakumezko zein gizonezko kategorian.
Animazioa ibilbide osoan
Giroari dagokionez, mendiko lasterketak animazio berezia izanen du ibilbide osoan. Korrikalariek ibilbideko puntutan txaranga eta trikitixa izanen dituzte, eta helmugan DJ bat arduratuko da musika eta festa giroaz.
Antolakuntzak herritarrak eta mendizaleak animatu nahi ditu igande honetan mendira hurbildu eta korrikalariak animatzera, beti ere ingurunea eta segurtasun neurriak errespetatuz.