Igantziko IrriSarri Land parkeak larunbatean hasiko du denboraldi berria

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 12a

Familia bat 140 metro dituen Irrisarri Landeko zubi tibetarrean.

Igantziko IrriSarri Land abentura parke eta establezimenduak larunbat honetan hasiko du denboraldi berria. Parkeak hamahirugarren denboraldiari ekinen dio, bisitarientzako berrikuntza batzuekin; horien artean, Abentura PRO sarrera berria.

Denboraldia martxan jartzeko, parkeak ehun langile inguruko taldea mobilizatzen du: jardueren monitoreak, bisitarien arreta zerbitzua, ostalaritza, udalekuak, mantentze lanak, ostatuak eta ekitaldien antolaketarekin. 

Abentura PRO sarrera berria

Denboraldi honetako berrikuntza nagusietako bat Abentura PRO sarrera berria da. Sarrera honekin, bisitariek arborismo eta tirolina jarduerak nahi adina aldiz egiteko aukera izanen dute, eta, aldi berean, parkeko instalazio guztiak libreki erabiltzeko aukera izanen dute.

IrriSarri Land-ek adin guztietarako jarduera ugari eskaintzen ditu. Horien artean daude zortzi tirolina (tartean Nafarroako luzeena), arborismo zirkuituak, mendi bizikletarako bike park-a, 140 metroko zubi tibetarra, 18 saskidun disko golf zelaia, foot-golfa, udako ur-jolasak eta estalitako jolas gunea, baita basoan barna egiteko ibilbideak eta naturarekin konektatzeko esperientziak ere, hala nola baso bainua.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun