Joan den urrian egin zenuen lehen aurkezpena, baina orain sorterrian aurkeztu duzu Euri beroak poesia liburua. Zer harrera izan du liburua eta aurkezpenak?
Urrian Donostian izan zen lehen aurkezpen ofiziala, Ereineko jendearekin eta. Gero Lizarran, Durango Azokaren Zu non han DA egitasmoaren barrenean egin genuen. Durangon urte horretan aurkeztu behar diren nobedadeak herrietako liburu dendetara eramaten dituzte, pixka bat Durangotik ateratzeko. Liburu dendak eta idazleak apuntatzen dira, borondatezkoa da, eta Durangoko Azokatik bideratzen zaituzte. Hor badute hausnarketa bat egina, “Durangoko Azokan izugarrizko pila saltzen dugu, baina gero, egunero egunero bere ateak irekitzen dituzten liburu dendetan gutti, aunitz ixten ari dira” eta hortik doa egitasmo hau, nik uste. Eta orain sorterrian egin dugu aurkezpena eta hagitz ongi. Lesakako liburutegia leku polita da eta gustura, Olatz Rojo musikariarekin errezitaldi musikatua egin genuen, biei gustatzen zaigu. 40 lagun baino gehiago hurbildu ziren, kopuru polita da. Izan ere, olerki zale zaleak, zenbat gara? Zaila da. Merkatu ttikia da berez, eta euskaraz, oraindik ttikiagoa. Iruñean bada talde bat, Joxemiel Bidador izeneko poesia taldea eta han elkartzen gara. Duela bi urte hasi nintzen joaten.
«Olerkiaren merkatua ttikia da berez, eta euskaraz oraindik ttikiagoa»
Irakurzaletasuna apaltzen ari dela diozu. Idazle bezala, kezka horrekin zuk ere bat egiten duzu?
Paperezko orri batean idatzia dagoena irakurtzeko ohitura galtzen ari da, hori begi bistakoa da… Liburu bat hartu eta irakurtzeko erraztasuna zailtasun bihurtzen ari da. Pantailaren eragina izugarria da eta kezka sortzen du. Baina kezka ez da pantailarena, irakurketarena baizik. Pantaila batean ere irakur dezakezu liburu bat, baina pantailako bertzelako eduki errazagoen azkartasunak irensten gaitu aunitzetan. Eduki horiek zuregana salto egiten dutela erran daiteke, eta liburu batean zuk sartu behar duzu, zuk murgildu behar duzu, esfortzu bat eskatzen du.
«Pantailako eduki errazagoen azkartasunak irensten gaitu aunitzetan; liburu batean zuk sartu behar duzu, esfortzu bat eskatzen du»
Nolako harrera izan du 'Euri beroak' liburuak?
Feedback gutti dut. Ez da normalena irakurle bat zuregana etortzea liburua komentatzera. Olerki liburuetan normala denez, ez du jende gehiegik irakurri liburua, hori horrela da. Baina izan ditudan komentarioak, konpromisoz eginak ez direnak, nik uste, onak izan dira. Eta irakurri dutenak eta ez didatenak deus komentatu ere aunitz badira. Olerki liburua izateko ez naiz kexatzen. Olerkia irakurtzeko ohiturarik ez duen hurbileko jendea ere bada eta liburua irakurtzen saiatu dena… Hori aunitz baloratzen dut. Ez da erraza poesia liburu bat idaztea, nik ere esfortzu bat egin behar izaten dut eta hori eskertzen dut.
1937ko gerra garaiko familia kontakizun ilun bat da liburuaren abiapuntua…
Liburuaren azpian badago trama bat. Nonbaitera ailegatu nahi dut idazterakoan eta liburuan joan naiz pixkanaka erreferentzia batzuk sartzen, bukaerako orrietan gehiago kontatzen da trama horri buruz. Hori da liburu honen ezaugarrietako bat. Horrek niri erraztu dit idazketa, nahiz eta ez zen hasieratik pentsatutakoa. Hasieran olerki solteak ziren, baina gero pentsatu nuen, hau honi buruz izan behar da. Trama hori da, familiako kontakizun ilun bat, gerra garaikoa, ekaitz gaua, ondoko baserri batetik laguntza eskaera bat eta senide hori joan zen eta ez zen inoiz gehiago bueltatu, amildegi batera erori ote zen… eta orain dela ez aunitz, duela 6-8 urte, ikerketa liburu bat argitaratu zen eta heriotza hori dudakoa edo iluna bezala definitu zuen egileak, senide horren izen-abizenekin. Familiaren baitan duda ‘razonable’ bat sortu zen, inoiz jakinen ez dugun zerbait da, eta hor geldituko da, baina berez nahiko poetikoa da, egia edo gezurra den ez dakizun gauza potolo bat. Poesian ere eremu horretan gabiltza, ez du egia izan beharrik, ez du gezurra izan beharrik, ez da erreala, ez da irreala, gauza etereo bat da eta hor kokatu dut historia, baina bukaerara arte ez da agertzen. Azken zatian bai zehazten dira orduko kontuak: data (1937), Mendaur, faxistak, eliza, ekaitza… erreferentzia konkretu horiek bukaeran agertzen dira.
Emozioz betetako liburua dela aipatu izan duzu…
Olerkian emozioetatik ez aritzea zaila da. Olerkiaren formatua eta idazteko modua idazlearen emozioekin hagitz lotua dago. Kasu honetan, horri lotzen badiozu odolean daramazun kontakizun bat, horrek laguntzen du emozioak azaleratzen. Emoziotik idaztea beti lagungarria da. Emozio desberdinak dira: badago amorrua, haserre bortitza, beldurra, baina batez ere baldintzarik gabeko maitasuna, familiako maitasun hori: egiten duzuna egiten duzula, dena dela, halere maitatzen segitzearen hori. Olerki batzuetan zuzenean agertzen da eta bertze batzuetan, zuzenean agertzen ez bada ere, hor dago.
«Emoziotik idaztea beti lagungarria da. Emozio desberdinak dira: badago amorrua, haserre bortitza, baina batez ere baldintzarik gabeko maitasuna. familiako maitasun hori…»
Bilboko Udalaren 2024ko poesia lehiaketa irabazia… Bertze poesia lehiaketak ere irabazi dituzu Iruñean… Poesia argitaratu ahal izateko biderik seguruenak dira lehiaketak?
Argitaletxe batek olerki liburu bat ezin du etekin ekonomikoaren aldetik begiratu. Gehiago da militantziatik, azkenean, duen merkatua du eta hori denok badakigu. Ez dira urtero 100 liburu argitaratzen, hagitz mugatua da eta niretzat behintzat, hagitz zaila da bide hori. Nik orain arte egin dudan bidea lehiaketena izan da. Beharrezkoak dira lehiaketak? Nire kasuan bai, argi eta garbi. Argitaratu dudan guztia lehiaketekin lotua da, lan batzuk bildumetan, formatu ttikiagoetan, nahiko anonimo eta bertze bi bakarka, Larrosa bat Groenlandian, eta orain, Euri beroak.
Kimikari ikasketaz eta lanbidez, bertsolaritzarako urratsa eman zenuen lehenik, orain poesia… Zenbat dute bertsolaritzak eta poesiak kimikatik ere? Zein da zure formula…
Ni ez naiz aspaldi hasia idazten eta ez naiz ttikitatik idazteko bokazioa duen idazle horietako bat, nik ez dut taupada hori izan. Kasik erranen nuke izan dela ondorio bat. Zeren ondorio? Azkenean, kimika karrera egin nuen, bere garaian gustura egin nuena, karrera zientifiko bat, formulak, arrazoinamenduak… lan batera bideratuak: ordutegia, diziplina, etab… Ailegatu zen garai bat nire bizitzan non behar nuen bide alternatibo bat, nire bide profesional hori eramangarriago egiteko. Garapen pertsonal gisara, horrela hasi nintzen bertsolaritzan arakatzen, betidanik gustatu zitzaidan bertsolaritza… Bertso eskolan apuntatu nintzen, ariketak, hitzak, euskara, jokoak, bertso idatziak… Bertso idatziekin ohartu nintzen gustatu zitzaidala historia batean sartzea eta horri buruz idaztea. Bertso idatzi luzeak gustatzen zitzaizkidan. Eta bertsolaritzak eraman ninduen olerkira, niretzat hagitz antzekoak dira. Metrika eta errima zorrotzak kendu eta kasik bertze guzia hor dago. Errima ere tarteka erabiltzen dut, baliabide bezala gustatzen zait, lerroetan, bukaerara esperatu gabe, horrelako jokoak… Bertso idatzietan ere nahiko idazketa poetikoa nuen eta pausu naturala izan zen: hitz zehatzak, hitzen arteko jokoak, fonetika, poesia belarrietara. Nire kasuan olerkiei melodia ere jartzen diet. Baina bertsoa eta poesia nire izaera orekatzeko baliagarriak dira: kimikak eskatzen duen arrazionaltasuna, poesiaren edo bertsoaren emozioarekin orekatzen dut. Nire izaera diziplinatu edo zurrun hori ezabatzeko modua da, besta egiten dugunean bezala, eguneroko bizitza pixka bat ahantzi eta desinhibitu nahi duzu…
«Bertsoa eta poesia nire izaera orekatzeko baliagarriak dira: kimikak eskatzen duen arrazionaltasuna, poesiaren edo bertsoaren emozioarekin orekatzen dut»
Lesakako eta Getariako udalek proposatutako idazketa-egonaldi bat ere egokitu zaizu, azaroan Getarian… Elkarrizketa, narratiba eta poesia uztartuko dituen lana omen. Bertze bide berriak urratzeko asmoarekin? Poesiaren konfort-eremutik salto egiteko bidea?
Euri Beroak liburuak ere, neurri batean, poesia eta narratiba uztartzen ditu. Niri irisgarriagoa egiten zait, irakurgarriagoa eta idazketa ere erraztu dit. Baina hau desberdin nahi dut egin. Zaila dela badakit, baina jende gazteagoari ailegatzeko lan bat egin nahi nuke. Niri gustatuko litzaidake nerabe batek olerkia irakurtzea, hori da nire helburua, nerabe batentzat erakargarria izan daitekeen zerbait idaztea, eta nire helburua da olerkia idaztea, baina olerkiarekin bakarrik nire ustez ezinezkoa da horrat ailegatzea. Horregatik uztartu nahi ditut elkarrizketa, narratiba eta olerkia eta institutuko patio batean kokatu nahi dut. Elkarrizketa eta narratiba gazteak olerkira erakartzeko amu bezala erabili nahi ditut, intentzioa hori dela erran daiteke. Nerabeen hizkuntzako erreferentzia batzuk ere sartu nahiko nituzke, batez ere elkarrizketako zati horretan, baina ez dakit non… Olerkia ere lauagoa egin nahi nuke. Ariketa bat da. Oraindik ez naiz historian sartu, ideia bat… Udaberrian, kurtso bukaeran sartu nahi nuke historian, baina zaila da, eguneroko lanak mentalki nekatzen du eta beharbada Getariako egonaldiak lagunduko nau borobiltzen. Zuretzako aste bat, zure egunerokotik kanpora… inspirazioa nik zuzenean lasaitasunarekin lotzen dut, buruan ez izatea soinu gehiegi, zure eguneroko soinuak itzali eta zure barnera begiratzeko lasaitasuna izan. Energia eta gogoa etortzen dira orduan.
'Begiak kentzen dizkidazu'… Zer kontatzen ahal duzu lan honi buruz? Nerabezaroan gertatzen den eskola jazarpenari buruzko hausnarketa da… Hau ere emozioz betetako liburua izan daiteke?
Saiatu behar dut titulua mantentzen, erakargarria iruditzen zait, gustatzen zait, baina nork daki. Kasu honetan hasieratik hasi naiz eta oraingoz ez dut bertze aunitzik. Gustatuko litzaidake bai jazartuaren emozioetatik eta bai jazarlearen emozioetatik idaztea, pertsonaia neutro batetik (ez maskulinoa ez femeninoa). Ez da gai originala, baina hain egunerokoa da! Hori nahi dut landu eta gustatuko litzaidake alderdi psikologikoa ere lantzea, baina ez dakit, ikusiko da, bideak erranen du.
Mairu antzerki tailerraren eskutik, aktore lanean ere ikusi zaitugu… Bertsotan bezala, taula gaineko zirrara horrek erakartzen zaitu?
Hori denborarekin deskubritu dut nire buruan. Gaztetan arrunt lotsatia nintzen, baina beti erakarri nau oholtzak. Ailegatu zen momentu bat pausu hori ematera ausartu nintzena, jendearen aitzinean paratu eta bat-batean bertsoa kantatu, eta ostras!, gustatzen zait jendearen aitzineko hori, eta antzerkian ere, ez da erabat inprobisazioa, baina badu momentuaren istorio hori, momentua bizitzea gustatzen zait. Niretzat ez da urduritasun txar bat edo trago txar bat, justu kontrakoa. Hori tokatzen zaidanean, aurkezpenetan adibidez, gozatu egiten dut. Niretzat urduritasun txarrak eta onak izaten dira eta hau urduritasun positiboa da, aktibatzen zaituena, horretarako prestatzen zaituena, ongi edo gaizki atera.
Halere, oraindik ez duzu antzerki lanik idatzi… Ez zaizu burutik pasatu?
Ez. Iban idazlea olerkiarekin lotzen dut, nahiz eta orain narratiba eta elkarrizketa ere sartuko ditudan, beti ere, aipatu bezala, olerkira bideratzeko. Elkarrizketa Urepeleko lanean ere sartu nuen, baina niri gustatzen zaidan formatua olerkia da eta hor sentitzen naiz ongi. Ez duzu egunero hiru ordu eskaini beharrik idazteari. Tak! ideia etortzen zaizula, eta idatzi, tak! tak! Niri ez dit horrelako ariketa fisikorik eskatzen. Eta antzerkia idaztea ez, momentu honetan nire zati idazlea poesiara bideratua dut.
Bertzerik?
Olerkiak eta euskarak, bakoitzak bere aldetik hartuta, merezi dute denen aldetik zerbait egitea, bai idazleen aldetik, baita irakurleen aldetik ere. Kopuruari dagokienez, gauza ttikiak dira. Olerkia eta euskara elkartzen badituzu, olerkia euskaraz, jendea behar duen formatua da. Ez da ariketa erraza, baina merezi du saiatzea.
LABURREAN
- Bertsolari bat? Momentu honetan, Illarregi anaiak.
- Idazle/poeta bat? Poesiaz ari garenez, euskaraz ari garenez, bere ibilbideagatik, Leire Bilbao.
- Antzerki talde bat? Amateur mailan Mairu antzerki taldea erranen nuke eta maila profesionalean Axut! Ez bakarrik egiten duten lanagatik, nondik egiten duten, hurbiltasunagatik, euskal zaletasunagatik…
- Antzezlan bat? Axut! aipatu dudanez, Artedramarekin batera egin zuen Zaldi Urdina.
- Aktore bat? Tipikoa da, baina Ander Lipus erranen dut. Artxibo biluzia egin zuen aktorea ere aunitz gustatu zitzaidan, Javier Barandiaran.
- Zinemazalea? Zalea naiz, baina ez naiz forofo bat, ez naiz astebururo joaten zinemara.
- Pelikula bat? Zaila egiten zait. Azkenak, Los Domingos eta Maspalomas ikusi ditut eta biak gustatu zaizkit.